Bilera izan zuten Valvospain-Ituarteko langileek astelehenean enpresaren zuzendaritzarekin, fabrikaren egoeraren inguruan hitz egiteko. Bi gauza jarri zituen zuzendaritzak mahai gainean. Alde batetik, jakinarazi zuen enpresa iragan ostiraletik dagoela hartzekodunen lehiaketan. Bestetik, Enplegua Erregulatzeko Espediente bat martxan jarriko duela iragarri zuen. Espedienteak 61 langileren kaleratzea eragingo luke –fabrikan dauden langileen erdia baino gehiago–.
Horrez gain, greba bertan behera uzteko eskatu die zuzendaritzak beharginei, eta jakinarazi die soldatetan egondako atzerapenak FOGASAren bidez ordainduko dituztela –hau da, diru publikoa baliatuta–.
Albiste hau Airaldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.