EAJ garaile Laudion, bakarka gobernatzeko haina indarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2019ko mai. 27a, 11:04

Ander Añibarro izango da Laudioko hurrengo alkatea.

Alderdi jeltzaleak 7 ordezkari lortu ditu, EH Bilduk 5, Omniak 3 eta PSE-EEk 2. PP eta Elkarrekin Podemos ordezkaririk gabe geratu dira. 

EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak Laudion, 3.581 herritarren babesa eskuratuta. Bigarren zerrenda bozkatuena EH Bildurena izan da (2.448 boto), Omniaren (1.807 boto) eta PSE-EEren (1.035 boto) aurretik.

Alderdi jeltzaleak 2015ean baino bi zinegotzi gehiago lortu ditu. EH Bilduk bere bost zinegotziak mantentzea lortu du, 454 boto gutxiago jaso dituen arren. Omniak, aldiz, ordezkari bat galdu du. Alderdi laudioarrak duela lau urte baino 182 boto gutxiago bildu ditu. PSE-EEk, aldiz, 67 boto galdu ditu, baina bi zinegotziak mantenduko ditu udalbatzan. PP udalbatzatik kanpo geratu da. Alderdi Popularreko boto batzuk Vox-era joan direla aurreikusi daiteke, baina ez guztiak. Elkarrekin Podemosek ere ez du ordezkaritzarik lortu tokiko erakundean. 461 herritarren babesa pilatu du hala ere, botoen %4,65a lortuta. Vox alderdiak, bere aldetik, 69 boto lortu ditu.

Natxo Urkixok Lamia Arcasi pasako dio lekukoa
EH Bilduko kideak Herriko plazako arkupeetan bildu ziren emaitzen jarraipena egiteko. Bertan, Natxo Urkixok jakinarazi zuen Lamia Arcasek hartuko duela aurrerantzean talde politikoaren bozeramaile izateko ardura.

Albiste hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago