"Kanpotik ikara sortzen du, baina barrutik beldurgarriagoa da kartzela"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru 2018ko aza. 10a, 09:00

Alfredo Remirez @erreharria. / Aiaraldea

Urtebete egin du kartzelan Alfredo Remirezek, dispertsioa salatzeko ekintza batean parte hartzeagatik eta twitterren garatutako jardunagatik, "terrorismoa goratzea" egotzita. 

Alfredo Remirez amurrioarra joan den larunbatean atera zen Zaballako kartzelatik, urtebeteko espetxe zigorra amaitu ostean. Esperientzia hori eta adierazpen askatasuna izan ditu solasgai Aiaraldea Gaur agerkarian.  

Ongietorria izan duzu kartzelatik atera bezain laster, zer nolako sentsazioa utzi dizu horrek?

Oso sentsazio polita, espetxetik ateratzea eta nire herri osoa zain ikustea poztasun handia izan da. Horrek erakutsi dit ez nuela gizarteratzeko beharrik. Gizartean oso ondo nengoen... 

Hainbat aldiz sakabanaketa salatu ostean, zuri eta zure familiari egokitu zaizue politika hori pairatzea.

Sakabanaketa nire aurka erabiltzea estatuaren mendekua izan da; hainbat aldiz salatu eta gero, probatu dut. Berez, urtebetean hiru kartzelatan egon naiz. Lehenik eta behin Basaurin, gero Darocan 400 kilometrora eta, azkenik, Zaballan.

Barruan ulertu dut askotan ikusi dudana bisitan joan naizenean, hau da, presoen ardura bidaiaren inguruan. Nik beti pentsatzen nuen gure kontua zela, kanpoan egonik. Orain sentitu dut zer den telefono deia itxaron behar izatea jakiteko zure senideak ondo iritsi direla.

Halaber, sakabanaketak eragiten dituen istripuak salatu ditut askotan eta nire familiari gertatu zitzaion. Darocara iritsi berri, istripua izan zuten, eta hori presoarentzat sekulako kolpea da.

Maiz nabarmendu duzu preso gaixoen egoera, eta kide gaixo batekin egon zinen Basaurin.

Kide bat gaixorik izatean sentitzen duzu babestu eta zaindu behar duzula. Nik ahal izan dudanean egin dut. Konturatu naiz betidanik izan dela gure aldarrikapena preso gaixoak etxean egon behar direla, eta espetxean jazotzen dena ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa dela ikusten dut.

Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatu eta gero iragarri zuten zenbait preso hurbilduko zituztela Euskal Herrira, baina zu izan zara kasu bakarra. Nola bizi izan duzu hori barrutik?

Nik beti pentsatu dut ziegan, nahiz eta zigortua egon eta sufritu, salbuespena nintzela. Bigarren graduan egon naiz eta euskal preso politikoen %90a lehen graduan dago. Horrek esan nahi du 22 edo 23 ordu daudela ziegan egunero, isolatuta bizi direla... Nik "zortea" izan nuen, eta, komunikazioak kontrolatuak izan arren, helegitea jarri eta gero kendu zidaten neurria, eta aukera izan nuen eskutitzak bidaltzeko lagunei –aro digitalean–.

Gainerako euskal presoek ez dute eskubide hori. Esaterako, Ekaitz Samaniegok Murtziako espetxetik idatzi zidan eta bi hilabeteren ostean heldu zitzaidan eskutitza. Horrez gain, nik pare bat baimen izan ditut espetxealdiaren amaieran kalera ateratzeko, besteek ez. Hortaz, nire egoera oso salbuespenekoa izan da beste presoekin alderatuta.

Aipatu duzu gizarteratzeko beharrik ez zenuela. Sumatu duzu espetxeak balio duela presoa gizarteratzeko?

Espetxea munstroa da eta kanpotik beldurra ematen du, baina barrutik are beldurgarriagoa da. Kartzelak ez du balio gizarteratzeko. Jende pilo bat sartzen dute leku berean, akusazio oso ezberdinekin. Gero, gizarteratzeko, behar duzu ikasketak izan, edo lanbideren bat ikasi, zer edo zer. Hori ez da gertatzen. Niretzat guztiak ziren preso sozialak, gizarteak eragindakoak. Ez dut dirudun bat bera ere ikusi presondegian, guztiak ziren txiroak. Urtebete eman dut espetxean eta jendea ikusi dut ateratzen eta berriro sartzen.

Dirurik gabeko jendea ateratzen zenean, berdin zeuden. Barruan ez zuten ezer ikasten, beraz, egoera errepikatzen zen eta berriro lapurtzen zuten aurrera egiteko.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboan sartzea erabaki zenuen. Ondorioak izan ditu horrek?

Kolektibo horren parte sentitzen nintzen, baina ez dut betarik izan kideen berotasuna sentitzeko. Basaurin kide pare batekin egon nintzen, baina Darocan ez zegoen euskal preso politikorik. Oso arraroa da Espainiako Estatuko espetxe batean euskal presorik ez egotea, baina hara bidali ninduten. Gorroto kutsua sumatzen nuen, baina hobeto tratatu naute Darocan, zoritxarrez, Basaurin edo Zaballan baino. Bietan egoera txarra da burokratikoki zein hainbat esparrutan.

Basaurin Amurrioko beste preso politiko batekin egin zenuen topo otsailean, Julen Ibarrola espetxeratu zutenean. Nolakoa izan zen bizipen hori?

Berarentzat ez, baina niretzat oso egun polita izan zen. Banekien sartu behar zela, eta ongietorria egiteko prest nengoen. Nire kasuan bezala, Julen lehenengo aldiz sartu zen kartzelara eta hasierako egunak oso gogorrak dira. Apur bat erakutsi nion zer zen hor egotea. Berarekin ziegan egon nintzen, Dragoi Bola ikusten genuen (barreak) eta ondo pasatzen genuen elkarrekin. Pena izan zen handik hamar egunera Darocara bidali nindutela. Sakabanatu ninduten eta bera han geratu zen. Gutxienez, pozik nago gertu dagoelako.

Espetxean urtebete eman duzu. Zer kendu dizu espetxealdiak edo zer eman dizu?

Kartzelan galdu dudan gauza bakarra ilea izan da. Lehen argi nuen espetxeen aurka eta presoen alde borrokatu behar zela, eta orain gehiago. Nire kideen egoera askoz txarragoa da, oso urrun daude, eta hurbildu behar ditugu, kaleratu arte.

Itxaroten ari gara ea Pedro Sanchezek aipatutakoa betetzen duen. Izan ere, presoak Murtziatik Palentziara mugitzeak ez du ezertarako balio. Hemen egon behar dira. Horrek borroka grina sortu dit, eta hemendik aurrera lanean jarraituko dut.

Zure espetxeratzea adierazpen askatasunaren mugarria izan da, baina egoera ez dirudi hobera egin duenik azken urtebetean.

Ez, urtebetean aldatu den gauza bakarra ordutegia izan da (barreak), orain neguko ordutegian gaude. Adierazpen askatasuna arazo larria da eurentzat. Pentsamendu bakarraren aldekoek ez dute nahi bestelako pentsamendurik izatea, eta horretarako gai dira edozer gauza egiteko. Valtonyc, Pablo Hasel, Boro, La Insurgencia... eta beste lagun asko dira adierazpen askatasuna erabiltzegatik eta bermatzeagatik arriskuan daudenak momentu honetan. Euren askatasunaren gainetik adierazi gara. Eta honetan guztian larriena da jendeak uste duela berari ez zaiola inoiz gertatuko. Gaur, agian, ez dute ezer esateko, baina bihar izango dute, eta askatasunik ez da egongo. Adierazpen askatasunaren alde borrokatu beharra dago. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago