"Liburu ilustratuetan ikusten diot etorkizuna paperari"

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2018ko urr. 13a, 07:00
Yolanda Mosquera Hernandez, saritutako liburua eskutan duela. AIARALDEA

Yolanda Mosquera Hernandez (Amurrio, 1973) Literatura Lanaren Ilustrazio onenaren saria irabazi du Euskadi Literatura Sarietan

Guy de Maupassanten La pequeña Roque liburua ilustratzeko eginiko lanagatik saritu dute Yolanda Mosquera ilustratzaile amurrioarra.

Sorpresa izan da saria irabaztea?

Bai, pentsatzen nuen lanak aukerak zituela epaimahaiari arreta deitzeko, bestelakoetan aurkeztu izan dudanean aukeratua izan baita, eta lan honen edizioa polita denez pentsatu nuen epai mahaiari arreta deitzeko aukera zuela baina irabazteraino ez, ametsetan ere ez. Aurretik irabazi duten ilustratzaileak etorri zitzaizkidan burura, asko miresten ditut eta orain niri egokitu zaidanean beraien aldean txiki ikusten naiz. Ez nuen espero, ez.

Esan duzu edizioa polita dela. Liburu baterako ilustrazioak egiten dituzuenean, batetik marrazkiak egongo dira eta bestetik edizioa bera.

Bai, alde hori oso garrantzitsua da eta, normalean, ez da kontuan hartzen. Nirekin lan egin duten argitaletxeek ez dute edizioa bera aintzat hartzen, oso gutxi dira hori egiten dutenak. Hau da, diseinua, produkzioa... liburua bera argitaratzeak dakarren guztia. Kasu honetan, proiektuari baietz esan banion horregatik izan zen batez ere, editoreak erakutsi zidalako zertan zetzan, bildumak zein ezaugarri zituen. Asko gustatu zitzaidan eta pentsatu nuen bertan parte hartu nahi nuela, merezi zidala lan hori hartzeak. Askotan lan benetan ederra izan dezakezu, baina ez badizute ondo editatzen... paper itsusi bat, diseinu zatarra...ez diozu etekinik ateratzen.

Epaimahaiak azpimarratzen duen gauzetako bat da testuaren eta irudiaren artean bateratze handia dagoela.

Oso kasu berezia da hau, formatua oso originala da. Helduendako literaturatzat hartzen da. Baina,  normalean, ez da horrela egiten. Ohikoena testu idatzia eta marrazkiak dituen orrialdeak tartekatzea da. Kasu honetan editoreak oso argi zeukan irudia testuan txertatu nahi zuela, maketazioan bertan sartu, diseinu bakarra izateko. Niri oso originala iruditzen zait eta honen moduko testu laburrekin oso ondo funtzionatzen du. Haurrentzako bilduma ilustratuekin, aldeak alde, berdin egiten da, testuak lan egiten du irudiarekin. Elkarlan bat dago.

Elkarrizketa hau Aiaraldea.eus -ek argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide