Olga Artiñano laudioarra Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan parte hartzen ari da, Hegoafrikako Lurmutur hirian. Taldekako norgehiagokan Laukizko Gaztedi taldearekin aritzen da Artiñano. Gaur hasi da proba, eta larunbatera arte izango dituzte norgehiagokak. Martxoan munduko txapelduna izan zen Artiñano Txinan bere taldearekin 540 kilo azpiko kategorian, eta duela bi urte zilarrezko domina lortu zuen Euskal Herriko selekzioarekin, kasu horretan 500 kilo azpiko kategorian.
Euskal Herriaren ordezkaritza zabala joan da: 89 lagun, sokatiralariak, teknikariak eta epaileak kontuan hartuta. Hiru talde ariko dira: Gaztedi (Laukiz, Bizkaia), Goiherri (Erandio, Bizkaia) eta Mutriku (Gipuzkoa). Talde horietako kideak Basque Country izenarekin ariko dira, selekzioen artekoan. 2014an Basque Country izenarekin ofizialtasuna lortu zutenetik, hirugarrenez ariko dira euskal sokatiralariak lur gaineko txapelketa nagusian.