Otsati Elkartearen egitasmoa izan da. Hilabeteak eman dituzte ahozko elkarrizketen bidez Espainiako Gerraren arrastoak ikertzen. Horrela jakin dute, besteak beste, Artziniegan zenbait pertsonen gorpuak daudela lurperatuta. Horregatik, Aranzadi zientzia elkarteko kideekin egin dute indusketa: "Momentuz ez da ezer agertu", adierazi du Alberto Martinez-Gutierrez Otsatiko kideak.
Ostegunean goizean ekin zioten lurra altxatzeari: "Ahozko lekukotzetan oinarritu gara. Artziniegako lau lekukotza jaso ditugu Espainiako Gerran eraildakoak lurperatuta zeudela esanez". Aranzadi Elkartearekin jarri ziren harremanetan orduan, "horregatik etorri dira makinariarekin laguntzera".
Ikerketa, zabalik
Prozedurari dagokionez, behatzeko lurraren jabeari baimena eskatu diote, eta udala jakinaren gainean jarri: "Ez dugu laguntzarik jaso, baina ez dugu eskatu ere ez. Lekukotzek ez dute gezurrik esaten, baina litekeena da metro batzuk urrunago egotea; baita ezer ez topatzea ere".
Aurrera begira, Aranzadikoekin harremanetan jarraitzeko asmoa agertu du Otsatik: "Testigantza gehiago ditugu gudariak lurperatuta non egon daitezkeen diotenak. Orain dela bi aste buruherzur bat eman genien 8 milimetroko zulo batekin analizatzeko". Hortaz, aurreneko indusketak bukatutzat eman arren, ez dute ikerketa itxi.