Proiektu berri bat du Kepa Sojok esku artean: Khuruf film laburra. Grabatu egin dituzte dagoeneko eszena gehienak, eta udan amaituko dute grabazioa. "Gasteizen girotutako thriller soziala izango da, komedia ukituak ere izango dituen arren" azaldu du Sojok: "bidaia bat egin behar duen familia marokoar baten istorioa kontatuko du".
Zinemagile laudioarrak ez du argumentuari buruzko xehetasun gehiago eman nahi izan. Gauzak hala, azarora arte itxaron beharko da filmaren nondik norakoen berri izateko, orduan estreinatuko baita pelikula Gijoneko Zinema Jaialdian. Iaz Movistar+ saria jaso zuten Kepa Sojok eta Sonia Paciosek jaialdi horretan. Sari ekonomikoa izan zen, film labur bat ekoiztera bideratu beharrekoa. Jasotako diru hori baliatu dute Khuruf grabatzeko. Aurreratu dutenez, Movistar+ katean ere egongo da filma ikusteko aukera.
Arabieraz grabatua
Ibilbide luzea egin du Sojok zinemagintzan: Sei film labur, film luze bat, eta telesail bat egin ditu hogei urtetan, beste hainbat proiekturekin batera. Hala ere, erronka berri bat izan du zuzendari laudioarrak Khuruf pelikulan, arabieraz grabatu baitituzte eszena gehienak. EHUko itzulpengintza ikasle baten laguntza izan du Sojok, aktoreek zer esaten zuten jakiteko. Taha El Mahroug, Abdelatif Hwidar, Farah Hamed, Susana Soleto eta Gorka Aginagalde antzezleek hartu dute parte grabaketan, besteak beste.
Film luzea, udazkenean
Zinemagile laudioarrak ez du atsedena hartzeko tarte handirik izango, udazkenean ekingo baitio bere bigarren film luzea grabatzeari. Aurreratu duenez, "komedia kostunbrista eta korala" izango da.