81 musika talde aurkeztu dira Amurriock lehiaketara

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2018ko mai. 4a, 10:13

Hurrengo astean iragarriko dituzte finalerdietako sailkatuak. Maiatzaren 18tik hasita, 4 ostiraletan jokatuko dira finalaurrekoak. Ekainaren 15ean jakinaraziko dira irabazleak.

Bukatu da Amurriock lehiaketan parte hartzeko aukera. Guztira, 81 taldek eman dute izena."Lehenengo aldia izanik horrelako zerbait antolatzen dugula, izugarri pozten gaitu hainbeste talde aurkeztu izanak", adierazi du Egoitz Palacios Burubioko kideak.

Arrakastaren gakotzat du txapelketako data: "Oso ondo aukeratu genuen epea, Rockein edota Gaztea maketa lehiaketa bezalako lehiaketak daudelako, eta taldeek ekintza bat baino gehiagotan izena ematen dute".

Dena den, partaideen artean Euskal Herritik kanpokoak ere badirela azaldu du: Logroño, Madril, Valentzia edota Bartzelonakoak, besteak beste. Garrantzitsua iruditzen zaio Palaciosi hori: "Horrek esan nahi du Burubio elkartea bertan ezagutzen dela edo ezagutuko dela. Beraz, oso pozik gaude, elkarte bezala beste pausotxo bat eman dugulako".

Sailkapen fasea
Aste honetan erabakiko dute finalerdietako taldeen hautaketa. Ez da lan erraza izango, Burubiokoen aburuz. "Gauza pilo baloratu behar dira, eta lan hau burubiokideen artean egiten ari gara".

Maiatzaren 18tik aurrera astebururo egingo dituzte finalerdietako kontzertuak. Sarrera doakoa izango dute. Modu horretan erabakiko da ekainaren 15eko finalean joko duen laukotea. "Bertan jakingo da nor izango den kategoria bakoitzeko irabazlea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago