PPk Aiaraldea hedabidearekin arazo bat du, baina Aiaraldeak PPrekin ere?

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru 2018ko api. 24a, 17:34

Eskualdeko alderdi politiko guztien babesa jaso zuen Aiaraldeak. / Aiaraldea

Artziniegako EAJk Aiaraldea hedabidearekin zuen hitzarmena kentzea erabaki du, udal aurrekontuak PPren babesarekin onartzeko. Analisia egin du Aitor Aspuruk: 

Apirilaren 13an Joseba Elejalde PPko zinegotziak lortu zuen aspaldi eskatzen zuena; Aiaraldea Hedabidearekin Artziniegako Udalak zuen hitzarmena etetea. Azken urteotan aukera izan duen bakoitzean, PPko zinegotziak behin eta berriro aldarrikatu du euskarazko proiektu honek ez duela babesik jaso behar tokiko erakundearen aldetik.

Gogoratu beharra dago, ordea, hitzarmena ez dela Artziniegan zegoen salbuespena. Izan ere, 2012an eskualdeko udal ororekin sinatu genuen akordioa, alderdi guztien adostasunarekin, PPrena barne. Saraubeko Mahaian egindako itunaren sinadura ofizial eta sinbolikoan alderdi popularraren ordezkaria ere egon zen; Txema Beaskoetxea, egun zendua.

Hortaz, norbaitek uste bazuen Aiaraldeak PPrekin arazoren bat duela oker dago, egun horretako irudia isla nabaria da. 8 urteotako ibilbidean denetariko iritziak eta alderdi guztien albisteak argitaratu eta zabaldu ditugu, horren erakusle dira gurean idatzi duten zutabegileen aniztasuna eta hemeroteka. Aiarako PPk gure informazio eskaerei muzin egin die Santiago Abascal eskualdeko popularren presidente zenetik. Hala eta guztiz ere, informazioa eta euren iritziak eskuratzeko langa gainditu eta PPren iritziak ere plazaratu ditugu urteotan; gure lehentasuna, euskara sustatzeaz gainera, herritarrak ahal bezain ondo informatzea izan baita.

Bistakoa da: PPko zenbait sektorek ezin dute jasan Aiaraldea. Hedabidea sortu zenetik, PPren zenbait kideren boikot aktiboa eta mespretxuak askotan jasan izan ditugu. Tokiko beste hedabideekin harreman arrunta duten bitartean, Aiaraldeari sistematikoki ukatu dizkiote elkarrizketak, informazioa edota prentsa oharrak zein deialdiak. Hala ere, komeni da ez orokortzea, PPko kide horiek gutxi baitira, Aiarako zuzendaritzan badaude ere. Herritik sortutako hedabide plurala eta profesionala izaki, Laudioko zenbait zinegotzi eta ordezkarirekin, edota Urduñako zinegotzia zen Txema Beaskoetxearekin hartu-eman ona izan dugu. Horren adibide da, Txema Beaskoetxearen parte hartzea Instituzioen Kontseiluan -eskualdeko alkate, euskara teknikari eta alderdi politikoetako ordezkariekin batera- jakiteko zertara ari ginen bideratzen jasotako dirua. Egia esanda, noizbait bera izan zen azkenengoa joaten, gurekin solasean geratzen baitzen, normaltasun eta hurbiltasun osoz. Harreman arrunta izan dugu zenbait zinegotzirekin, Paula eta Alvaro Cuesta zinegotzi ohiekin edota Iñigo Pedruzorekin kasu. Aiaraldea hedabideak ez du inoiz ez inon alderdi bakar bat ere betatu Artziniegako PP-k bezala. Are, Javier de Andresi elkarrizketa egin genion Arabako Ahaldun Nagusia zenean, eta duela aste batzuk Ana Morales Arabako Foru Aldundiko PPko bozeramaileak prentsaurrekoaren berri emateko deitu gintuen, eta bere adierazpenak jaso zein zabaldu genituen. Ondorioz, ez da guztiz zuzena esatea PPk arazoa duela Aiaraldearekin, edo alderantziz.

Pasa den astean PPko hainbat ordezkarik Tubacex bisitatu zuten. Javier De Andrés -Espainiako Gobernuko Ordezkaria- Aiaraldeako egoitzan agertu zen, okertuta (norbaitek ez badaki -ironiak ironia- PP lehengo lokalean dago Aiaraldea Hedabidearen behin-behineko bulegoa). Gure erantzuna arrunta izan zen: sartzera gonbidatu genuen; eta nola ez, Joseba Elejalderen zentsura eta betoa aipatu genizkion, baita Iñigo Gomez alkatea buru duen EAJko gobernu taldeak onartutako txantaia ere. Harrituta geratu zen; "hainbeste botere dauka Josebak?" erantzun zuen. Alabaina, horri Artziniegako EAJk erantzun beharko lioke, eta ez guk.

Zehazki, honakoa gertatzen da Aiaraldean: PPko alderik atzerakoiena Aiarako zuzendaritzan dagoela lubakituta. Gure aurka daukaten argudio bakarra -ez aitortzeko euskararen aurka daudela- ez garela anitzak esatea da. Garbi dago hori ez dela egia, alderdi guztien albisteak jasotzen baititugu. Euren profezia betetzeko zentzu gabeko ahaleginetan diraute: euren berri ez ematea leporatzen digute, eta aldi berean ahaleginak eta bi egiten dituzte eurei buruzko informazioa gure eskuetara ez dadin iritsi; elkarrizketak ukatuta edo bere prentsa oharrak guri ez beste hedabide guztiei bidalita.

Jarrera hori ez da bat ere sotila. Santiago Abascal Aiarako PPko presidente zenean bere irizpidea zen guri elkarrizketarik ez ematea. Zuzenean ezetz esan zigun behin, ez zuela gurekin inoiz hitz egingo, eta zeharka zenbait zinegotzi eta ordezkari sakatu zituen gurekin ez hitz egiteko (eurek aitortuta). Joseba Elejaldek bere lekua hartu zuenetik politika ez da aldatu zentzu horretan, eta tarteka, une benetan barregarriak (erridikuluak ez esatearren) utzi ditu. 2016ko Artziniegako Jaietan gertatutako adibide; jaiei buruzko bideo erreportaje orokorreak berak ere galdera bati erantzutea proposatu genion. Galdera ez zegoen politikari lotuta, jaietako jantziei baizik. Hasieran Josebak baietz esan zigun, baina kamara piztu bezain laster, bizkarra eman eta ziztu bizian joan zen, kazetari kidea eta biok ezer ulertu gabe elkar begiratzen genion bitartean.

Eskualdean PPrekin daukagun arazoa, finean, zenbait alderdikidek ez dutela jarrera aldatu nahi da. Berdin zaie zer gertatu den gizartean, eurek gerran jarraitzen dute; eta gu gara, antza, euren etsaiak. Eskertzekoa da Aiaraldean ikustea Iñigo Pedruzo PPko zinegotzia Laudioko Udalbatzan ezkontza homosexualak defendatzen, baina bere kide batzuk oso atzera iltzatuta daude denboran.

Ez genuke ahaztu behar Espainiako alderdi ultraeskuindar moderno famatuenaren hazia Aiaraldean piztu zela: VOX. Hori gertatu zenean, PPko zenbait kidek VOXera jo zuten zuzenean: Santiago Abascal semeak (sortzaileak, alegia), eta bere aitak edota Mikel Urretxuk, adibidez.  Eta ziurrenik, eskualdeko zuzendaritzan geratu direnak -eta oraindik erantzukizun nagusienak dituztenak- ez zuten aldatu alderdia ez iritzi politiko ezberdinak izateagatik, baizik eta hauteskundeetan bazterketa politiko gordinean ez geratzearren. Guri, egia esanda, bost axola. Berdin jarraituko dugu informatzen; eta deitzen bagaituzte, prentsaurrekoetara bertaratuko gara, kazetaritzari eta gure audientza zabalari zor baitiogu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago