Atzo goizeko udalbatzan onartu dituzte 2018ko udal aurrekontuak. Guztira, 1.8 milioi euroko aurrekontua izango du Artziniegako Udalak, “iaz baino %2.2 gehiago”. Iñigo Gomez alkatearen esanetan, 139.000€ gehiago izango ditu gobernu taldeak inbertsiotarako.
2018ko inbertsioak
Udal aurrekontutik eratorritako proiektuen artean nabarmendu dituzte ur edangarriaren tutu sistemaren ordezkapena (600.000€), igerilekuetako ur sistema zein atseden gunea atontzea (300.000€) edota Garai plazako autobus geltokia hobetzea (35.000€). Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzarekin berrituko dituzte Arteko Gure Ama ikastetxeko kolunpioak (19.000€). Kultur arloan 1.500 euro gorde dituzte Benjamin Respaldizak Alde Zaharra eskulturaz josi dezan.
Udal aurrekontuak onartzeko ezinbestekoa izan da EAJ eta PPren arteko akordioa, udal gobernu taldeak PPren babesa behar baitzuen proposamena onartzeko. PPren baldintza bakarra Aiaraldea hedabidearen hitzarmena kentzea izan da, eta inolako diru-partidarik ez ematea, ezta publizitatean ere.
Euskara sustatzeko laguntzak, behera
Hala, euskararen sustapenerako proiektuetara 4.500€ bideratuko ditu Udalak: Euskararen Astera eta bestelako jardueretara, hain zuzen. Horrez gain, euskara ikasi nahi dutenentzat beken bidez banatuko dira 2.300€. Ildo beretik, euskararen erabilera areagotzeko 375€ baliatu ahalko du Aiarako Kuadrillak. PPko eskaerari men eginez, ordea, euskararen normalizazioa bultzatzeko Aiaraldea hedabidearen hitzarmena bertan behera utzi du gobernu taldeak.
Aiaraldea hedabideak 1.500 euroko diru-laguntza jaso izan du azken 7 urteetan euskal hizkuntzaren sustapenean egiten duen lanagatik, biztanle bakoitzeko 0.60 euro. Alabaina, eten egin dute hitzarmena. Bazkide eta erakundeen finantzaketari esker ditu martxan, besteak beste, euskara hutsezko Aiaraldea Gaur hedabide digitala eta Aiaraldea Hemen egunkaria. Artziniegako Udalak hartutako erabakiak eskualdeko udalerri guztietan adostutako hitzarmena apurtzen du.
Jeltzaleek Batzordean aurrekontua ez defendatzea leporatu diote EH Bilduri. PPk bere jarrera berretsi du. Hala, 1.500 euroko diru saila bestelako proiektuetara bideratzea proposatu dute udal aurrekontuan: Gurutze Gorrira, DYAra eta euskara ikasteko beketara. Euskararen normalizaziorako gakotzat jo du komunikabidearen lana EH Bilduk, eta gogor gaitzetsi du erabakia: “Beto argi bat da, erabaki guztiz antidemokratikoa. Partida hori kentzea izan da PPko zinegotzi bakarrak jarritako ezinbesteko baldintza bozketan abstenitzeko, eta EAJk bere aurrekontuak aurrera ateratzeko”. Larritasunez agertu du kezka koalizio abertzaleak: “EAJk artziniegarren aurrean justifikatu beharko du euskararen sustapenaren aurka doan erabakia, Artziniega Aiaraldeko gainontzeko udaletatik aldentzen duena, eta eskualdeko euskarazko komunikazio-proiektu bakarrari oztopoak jartzen dizkiona”. Arkaitz San Jose zinegotziak erantsi du, hamabostean behin herriko guraso guztiengana iristen direla Artziniegako eta eskualdeko berriak hedabideari esker: “Aurreikusita zegoen diru-laguntza kentzea oso larria da. EAJrena da erantzukizun osoa. Eskola edo bazkidetza bidez Artziniegako auzo guztietara iristen da komunikabidea, euskararen erabileran laguntzen du nabarmen”.
Bideak eta espaloiak konpontzeko eskaera
Bestalde, Artziniegako bideen egoera izan dute mintzagai osoko bilkuran, horietako asko egoera txarrean baitaude. Ildo beretik, herriko zenbait espaloiren gabezia nabarmenak aipatu dituzte oposizioko taldeek; baita herritarrek ere, galderen tartea ireki denean. Usoek eragindako tira-birak ere jorratu dituzte udalbatzan. Frontoiko kristalen konponketei dagokienez, obra bukatzeko ezinbestekotasuna azpimarratu du EH Bilduk, euriteen ondorioz artziniegarrek beste herrietako azpiegiturak erabili behar baitituzte bien bitartean.
Gure Esku Dago eta pentsionisten mozioa
Bestalde, hainbat mozio aurkeztu dituzte bilkuran. Maiatzaren 6ko herri galdeketen harira, Aiaraldea Bat elkartearen deialdiarekin bat egin du Udalak, PPk kontra bozkatu badu ere. Halaber, pentsionisten afera ere izan dute eztabaidagai, baita Herrialde katalanetako egoera politikoa ere.