“Etorkizuneko 1 Formula izango da dronea”

Erabiltzailearen aurpegia Izar Mendiguren 2018ko ots. 14a, 10:56

Ibagueneko futbol zelaian eraiki nahi dute drone pista. / Irudia: Aiaraldea.eus

PAKO VELARDE (Amurrio, 1964) Euskadi Drone Racing elkarteko kidea da. Ibagueneko kirol-zelaia (Aiara) euskal herriko lehendabiziko drone pista bilakatzeko proiektua aurkeztu dute.

Aiaran egin nahi duzue Euskal Herriko lehendabiziko drone zelaia. Zein egoeratan dago proiektua?

Hori da, Ibagueneko kirol zelaian dronekin hegan egiteko gunea atondu nahi dugu, praktikarako zelai iraunkorra izateko. Aiarako Udalari egin diogu eskaera dagoeneko.

Drone zelaia egiteko nolako obrak egin beharko dira?

Apenas egin beharko da futbol zelaian moldaketarik. Zuhatzara doan errepidean hesiak jartzeko eskatuko diogu udalari. Bi fase aurreikusi ditugu. Aurrenekoan aparatuak ihes ez egiteko sarea jarri beharko da, eta ondoren muga horiek eusteko posteak. Bigarren fasean, zelaiaren atonketa legoke, pilotuentzat egokitzeko. Era horretan, topaketak, entrenamenduak edota estatu zein nazioarteko txapelketak antolatu ahalko genituzke. Hala ere, ekonomikoki ez du aparteko inbertsiorik eskatuko.

 

"Ibagueneko kirol zelaian dronekin hegan egiteko gunea atondu nahi dugu, praktikarako zelai iraunkorra izateko"

 

Finantzaketari dagokionez, dagoeneko bilatu dugu kapital pribatua. Udalaren aldetik, baimena baino ez dugu behar. Zementuzko pareta gutxi batzuk jarri beharko lituzkete, baina etorkizunean erabilera aldatu nahiko balute erretiratzeko aukera egongo litzateke. Egitasmo polita eta erraza da, baimenak izanda bi egunetan presta liteke zelaia.

Zergatik aukeratu duzue Ibaguen?

Ni oso eskualde-zalea naiz. Oso inguru polita dugu dronekin aritzeko Aiaran, baldintza egokiak daude gainera: CTR guneetatik at gaude, aireportuetatik urrun. Gaur egun ez da ezertarako erabiltzen Ibagueneko kirol zelaia. Tamaina aldetik ideala da, zirkuituak edozein unetan muntatu edo kentzeko aukera ematen du. Ibilbideak banderekin, arkuekin eta sareekin atontzen ditugu.

Egitasmoak aurrera egingo balu, hoteletan, nekazal-etxeetan, jatetxeetan... eragin nabarmena izango luke, baita turismoan ere. Jende asko elkartuko da. Euskal Herriko lehen instalazioa izateak prestigio handiagoa ematen dio. Harremanetan jarri garen inguruko ekoizle eta ostalariek begi onez ikusi dute proiektua; Aiara eta Aiarako Kuadrilla mundu mapan kokatuko genuke, ez Espainiar estatuan bakarrik. Gure pilotuak kanpora joaten diren bezala, nazioartekoak hona etorriko lirateke. Etxaurren Ikastola parean dagoenez, eskola ordutik kanpo soilik egongo da zabalik kirol-zelaia. Arrazoia ez da segurtasuna, intimitate eskubidea eta adingabeen babes legea baizik. Horregatik, 17:00etatik aurrera aritzea planteatuko dugu, eta jarduera nagusiak asteburuetan kokatzea.

 

"Ni oso eskualde-zalea naiz. Oso inguru polita dugu dronekin aritzeko Aiaran, baldintza egokiak daude gainera: CTR guneetatik at gaude, aireportuetatik urrun"

 

Noizko aurreikusi duzue zabaltzea?

Baimena lortu bezain pronto. Baimenak ez dira zailak, baina inork ez du inbertitzen ezezaguna den proiektu batean. Udalaren aldetik jarrera ona izan da, baina etenda dago. Izan ere, badirudi Aiarako Txirrindulari Elkarteak belodromo bilakatzeko eskaera egin duela. Denentzat erabilgarri egongo den espazioa nahi du udalak. Gu gastu guztiak gure gain hartzeko prest gaude.

Zer nolako materiala erabiltzen duzue?

Banderak eta arkuak dira nagusiki. Sarea ere jartzen dugu muga gisa, gailuak ez eskapatzeko.

Zenbat drone gidari daude Aiaraldean, gutxi gorabehera?

Kirol berria da, 1 Formularen parekoa. Etorkizuneko 1 Formula izango da dronea hobbie gisa. Edonork praktika lezakeen jarduera da, prezio ezberdinetako gailuak baitaude, 60 eurotik hasita. Gainera, adin guztietako pertsonek praktika lezakete, beti ere kontrolpean badago.

Gero eta gehiago gara, baina ez dugu elkar ezagutzen, bakoitzak bere kasa ateratzen duelako dronea. Batzuek kostaldea aukeratzen dute, besteek mendia... Telebistan hainbat elkarrizketa egin dizkidate, eta hortik ezagutu naute askok ni. Diman erakustaldi batean hartuko dugu parte, eta Amurrioko hainbat kide joango dira ikustera. Kirol zelaia egokituz gero, seguru nago biharamunean deika izango ditugula.

 

"Edonork praktika lezakeen jarduera da, prezio ezberdinetako gailuak baitaude"

 

Euskadi Drone Racing elkarteko kidea zara.

Gaur egun 46 lagun gaude, Iberiar penintsulako elkarte handienetakoa da, nahiz eta oraindik berri samarra izan. Herrialde Katalanetan arrakasta handia du mundu honek, baina hemen dago mugimendu gehien. Euskadiko elkartean ni naiz Aiaraldeko ordezkari bakarra, baina eskualdean drone gidari ugari daude. Nik lehen nire kasa egiten nuen makinarekin hegan, ez nuelako erakundea ezagutzen. Luiaondon egin genuen erakustaldia orain dela gutxi, eta hortik jaso nuen eragilearen berri.

Hegan egiteko legea izan ohi da oztopo nagusi, ezta?

Bai, baina lizentziaren arabera. Herrigunean profesionalek ezin dute jardun, baina zaletuek muga askoz gutxiago dituzte. Lege aldetik ezberdinak dira baldintzak batentzat eta bestearentzat. Zaleak soilik egunez atera dezake makina. Askotan gertatu da droneak animaliak izutzea, edota bistatik galdu eta erortzea; kontrolpean eduki behar da beti gailua. Horrez gain, eragin ditzakezun kalteen erantzule izan behar duzu; profesionalentzat derrigorrezkoa da asegurua, zaleentzat ez. Bestalde, jende asko dagoen guneetan debekatua dago dronea erabiltzea... Kontrol mekanismoak zaleentzat ez dira gogorrak, profesionalentzat bai: mantenua, lizentziak, aitortzak... gauza asko eskatzen dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago