Larunbatean inauguratuko dute Okondoko frontoia, zaharberritze-lanak amaituta

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado 2018ko urt. 26a, 12:19

523.000 euro baliatu dituzte pilotalekua berritzeko. /Aiaraldea

Pilota partidak izango dira kirol-azpiegitura berria inauguratzeko.

Larunbatean inauguratuko dute Okondoko frontoia, pilota eta frontenis partidekin. 523.000 euro baliatu dituzte pilotalekua osorik berritzeko. Hala ere, Udalak 46.187 euro baino ez ditu jarri behar izan, gainontzeko guztia Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen bidez finantzatu delako.

Hainbat hobekuntza du kirol-azpiegitura berriak, Udalak nabarmendu duenez. "Sabai bikoitza, kirol federaturako baldintzak betetzen dituzten hiru horma, harmaila zabal eta guztiz irisgarriak eta jolas-eremutik kanpo dauden egurrezko zutabe berrien sarea, besteak beste”.

Tokiko erakundeak gaineratu du jarri diren beirak “argitasun asko” ematen dutela eta argiteria berria “eraginkorragoa eta jasangarriagoa” dela. 

Etapa berri bat

Inaugurazioa “ilusioz beteriko unea” izan da Udalarentzat: “Udal-zerbitzuak modernizatzeko etapa berri bati ekin dio, kirola eta kultura ekitaldien antolakuntza sustatzeko”.

1959. urtean eraiki zen frontoia eta Untzako Andre Mari elizaren ondoan dago. “Eliza hori EAEko monumentutzat aitortzeko proposatutako ondasun higiezina da”, azaldu dute Udaleko arduradunek; “Horregatik, gauzatutako jarduera guztiak Arabako Foru Aldundiko Ondare Historiko Artistikoko Zerbitzuarekin adostu egin dira”.

Egitaraua:

11:30ean: Pilotaleku irekiera

12:15ean: Hasiberriak 

12:45ean: Kadeteak

13:15ean: Frontenis

13:45ean: Amaterrak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago