Duela zenbait urte hasi ziren Laguntza Psikologikorako Udal Zerbitzua eskaintzen Amurrion. Familiak eskolatik kanpo aholkatzea zen asmoa, Gotzon Minguezek (Laudio, 1961) azaldu duenez.
Zertan datza zerbitzu hau?
Hezkuntza zentroetan egiten genuen lan hasieran, baina konturatu ginen umeak eta nerabeak ez direla soilik ikasleak; eta euren arazoak ez direla soilik klaseko eremura mugatzen. Eskola barruan egonda, ezinezkoa zen familiekin elkarlanean aritzea; beharrezkoa ikusten genuen horretarako gune berri bat sortzea. Terapia familiarra egitea da helburua, ume eta nerabeengana senideen bidez iristea.
Zer da eskaintzen duzuena?
Eskaintzen dugun zerbitzuak hiru arlo ditu: arazoen prebentzioa, aholkularitza eta esku-hartze klinikoa. Gurea ez da zerbitzu terapeutikoa. Helburua ez da arazo kronikoak, buru-gaixotasunak, konpontzea. Psikologiaren alorrean sartzen diren arazoak jorratzen ditugu, horren patologikoak ez direnak. Arazo emozionalak dira horren adibide: autoestimu-falta, harremanak egiteko zailtasunak, ohiko depresioa, eskola jazarpena, familia gatazkak, menpekotasun arazoak (alkohola, bideo-jokoak...) senide baten heriotzak eragindako ondorioak... Edonork izan ditzakeen arazoak. Arazo psikosomatikoak ere lantzen ditugu: anorexia ez-patologikoa, lo egin ezina...
Nola lantzen dituzu horrelako kasuak?
6-10 saio inguru egiten ditugu. Sesio horien ostean arazoak bere horretan jarraitzen badu, beste nonbaitera bideratu behar izaten dugu kasua, handiegia delako gure zerbitzuaren bidez tratatzeko. Patologia edo arazo kronikoak dira beste zerbitzu batera bideratu behar izaten ditugunak. Hala ere, kasu gehienetan lortu egiten dugu arazoa gure zerbitzuaren bidez konpontzea.
Nola zuzentzen zarete nerabe eta haurrengana halako arazoak tratatzerako orduan?
Gehienetan umeekin zuzenean lan egiten dugu, nahiz eta kasu batzuetan ez den beharrezkoa haiengana zuzentzea. Ume txikien kasuan, adibidez, gurasoak izaten dira guregana jotzen dutenak. Nerabeen kasuan, aldiz, askotan ez dute etorri nahi izaten, eta familiaren bidez konpondu behar izaten dugu arazoa, gurasoei aholkuak emanez.
Prebentzioa ere lantzen duzuela aipatu duzu. Familia ezinbestekoa da?
Bai. Familia da lehenengo eragin-zirkulua. Beste batzuk daude: eskola, lagunak... baina senideena da beti garrantzitsuena, eurengan ematen direlako "babes-faktoreak". Autoestimua, gizarte trebetasunak, frustrazioa jasateko ahalmena, baloreak, ohiturak... Guzti horiek familian jasotzen dira, batez ere, ez eskolan. Horregatik da garrantzitsua faktore horiek familiaren testuinguruan lantzea. Hainbat baliabide dugu prebentzioa lantzeko. Gurasoen Eskola da horietako bat. Hainbat gai jorratzen dira bertan: autoestimua, erantzukizunak, arauak, ohiturak, nola eztabaidatu nerabeekin, nola irakatsi oinarrizko balioak edo ohitura zehatzak...
Zer nolako harrera du zerbitzuak?
Azken urteetan 100 familia etorri dira gugana urteko, batez beste. 90 kasu inguru izan genituen iaz.
Eskolen barruan ere aritzen gara, guraso batzuekin eremu horretan gaudelako. Harremanetan jartzeko gugana etortzea edo telefonoz deitzea da egokiena, 945-39 38 49 zenbakiaren bidez.