Kolokan da Aiaraldeko industriako hainbat langileren etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado Bañares 2017ko aza. 14a, 18:13

Tubos Reunidoseko langile bat, fabrikaren sarrerako zubitik trenbidera begira./ Aiaraldea ataria

Hartzekoduden lehiaketan daude Artziniegako CEL eta Laudioko Gometegui enpresak.

Egoera nahasia bizi dute eskualdeko hainbat enpresatan. Ehunka beharginen lanpostuak daude jokoan, eta ziurgabetasun handia dago oro har.

Argi ikus daiteke hori Tubos Reunidosen kasuan. Hainbat neurri iragarri ditu enpresako zuzendaritzak, 300 milioi euro baino gehiagoko zorra murrizteko. Enpresa batzordeko kideek salatu dute enplegua suntsitzea dela administrazio kontseiluaren plana. Joan den astelehenean bildu ziren zuzendaritza eta langileen ordezkariak, eta azken hauek ez ziren pozik atera bileratik. "Tramite hutsa izan zen, erabakiak hartuak dituzte jada", adierazi dute beharginek, eta nabarmendu dute 30 lanpostu suntsitu dituztela jada.

Hala ere, askoz jende gehiago dago lanik gabe geratzeko arriskuan, sindikatuetako ordezkarien ustetan. "170 pertsona daude aldi baterako langile gisa. Ezingo dituzte guztiak kolpe bakarrean bota, baina enpresaren asmoa da 20-30 inguru soilik geratzea. Gainontzekoak lanik gabe utziko dituzte, gure- kin zazpi urte ikasten eta prestaketa jasotzen egon eta gero".

Postu finko gabeko beste 60-70 pertsona ere botako dituztela aurreikusten du langile batzordeak. "Azpi-kontratatutako hainbat zerbitzuetako (garbiketa, adibidez) arduradunak kaleratuko dituzte. Enpresa barruko langileek euren gain hartu beharko dituzte lan horiek". 

"Kudeaketa txarra"

Petrolioaren krisia da, zuzendaritzaren aburuz, enpresaren egoera txarraren kausa. Baina arrazoi nagusia beste bat dela uste dute langileen ordezka- riek: zuzendaritzaren kudeaketa kaltegarria. Administrazio kontseiluak azken urteetan eginiko hainbat ekintza aipatu dituzte: 2007. urtean 170 milioi euroko mailegua eskatu zuten akziodunen artean banatzeko. Almesa enpresa 25 milioi eurorengatik erosi zuten 2010ean, aurten 2,7 milioi euroren truke saltzeko.

CEL eta Gometegui

Tubos Reunidos ez da arazo zirimola batean murgilduta dagoen bakarra. Larria da baita ere Artziniegako Cel Technologies & Systems paper fabrika- ren egoera. Lantegiaren zati bat hartzekodunen lehiaketan dago, enpresak Gueñes eta Zallan dituen instalazioekin batera.

Hartzekodunen lehiaketan dago baita ere Gometegui. Banketxeekin 13 milioi euroko zorra dauka, eta arazo larriak ditu fi- nantzaketa lortzeko. Bere bi bezero nagusienak zirenek utzi egin diote eskaerak egiteari, eta enpresak geroz eta zailagoa du kreditua eskuratzea, Banco Popularren bidez lortzen baitzuen finantzaketa gehiena, eta banku hori ere hartzekodunen lehiaketan dago gaur egun. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago