Konpromisoak hartzetik konpromisoak gauzatzera. Hori da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eskualdean eragin nahi duen olatua. Ez zen maka- la izan iazko udazkenean gauzatu zuten erronka: milaka aiaraldear bultzatu zituzten euskararen aldeko konpromisoak hartzera; eta abenduaren 3an Amurrion eginiko "errotan" irudikatu zituzten urrats horiek gero.
Oraingoan, baina, konpromiso horiek errealitate bihurtzea dute xede, paperean idatzirik haizeak eraman ez ditzan. "Oso ekimen jendetsua eta arra- kastatsua izan zen iazkoa", azaldu du Aitziber Alava Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideak, "bakarka edo taldeka egin genuen hausnarketa euskararekiko konpromiso bakarra –edo gehiago– hartzeko eta publikoki adierazteko". Euskaldunen epe -luzerako aktibazioa dute hurrengo urrats: "Ahobizi eta belarriprestak bilduko ditugu horretarako".
Baina, zer dira ahobizi eta belarriprestak? "Ahobiziak lirateke euskaraz aritzeko gai direnak, eta Belarriprestak entzuteko prest daudenak", azaldu du Matxalen Garcia-Escudero ekimenaren bozeramaileak. Honakoa da "herri-desafioa": Aiaraldean 1.000 Ahobizi eta 5.000 Belarriprest "armairutik ateratzea". "Nola? Ahobiziek astebetez euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko dute. Belarriprestek, aldiz, belarria ipini beharko dute denbora tarte horretan; euskaraz aritzeko prest egon ez arren, euskaraz entzuteko prest daudela adierazita".
Horretarako baliabideak eskainiko ditu Euskalgintza Kontseiluak. Batetik, txapak banatuko dituzte; erronkan parte hartzen dauden herritarrak elkarren artean identifikatu eta, modu horretan, euskarazko elkarrizketak errazteko. Eta, bestetik, gomendio sorta prestatuko dute, sortu daitezkeen egoerei nola aurre egin erakusteko. "Jolas erraldoi" izaera eman nahi diote ekimenari, "inor de- seroso sentiarazi gabe".
Konpromisoa
Gutxienez zazpi egunez hartu beharko dute herritarrek euskaraz hitz egin edota entzuteko konpromisoa. "Astea pasatutakoan bakoitzaren esku geratuko da dinamikarekin ja- rraitu edo ez, edota zer nolako intentsitatearekin jauzia ematen jarraitu", erantsi dute sustatzaileek. Herriz herri, "zortzikotea" deitu dioten talde motorea osatu dute horretarako. "30 egunetan garatuko da dinamika", argitu du Garcia-Escuderok, "astebeteko txandak egingo dira horretarako, herrika".
Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldoko auzokideak izango dira lehenak, azaroaren 3tik 10era, eta jarraian egingo dute herri nagusietan. Abenduaren 3an amaituko dute ekimena, Urduñan, partaide guztientzako jai batekin.