EAJko zinegotzia da Maider Basterra (Laudio, 1974) Laudioko Udalean. Berriki beste kargu bat betetzeko hautatu zuten: Aiarako Kuadrillako presidentearena. Postu hori betetzen duen lehen emakumea da.
Aiarako Kuadrillako lehen emakumezko ptresidentea zara. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Ohore handia da niretzat Aiarako Kuadrillako presidentea izatea. Emakumea eta presidentea. Bazen garaia! Garrantzia handia dauka nire ustez emakumeok bai esparru pribatuetan bai esparru publikoetan gero eta presentzia gehiago izatea. Izan ere, tamalez, gauzak astiro-astiro aldatzen ari diren arren, arlo honetan lan asko dago egiteke. Parekidetasunari eta berdintasunari begira, politika munduan kasu askotan ez da legea betetzen eta egungo gizartean horrela jarraitzea ezinezkoa da.
Kuadrillako azken plenoan esan zenuen Ander Añibarrok –aurreko presidenteak– eginiko bidetik jarraituko zenuela. Zein bide da hori?
Anderren lanari jarraitu nahiko nioke eta bide beretik segitzen saiatuko naiz, Kuadrilla gero eta esanguratsuagoa, zabalagoa eta gardenagoa izan dadin.
Nola?
Partaidetza indartuz eta pedagogia eginez, helburu bakar batekin: erakunde hau biztanleen artean ezagunago bihurtzea, pausoz pauso.
Zeintzuk dira hurrengo urteei begira Kuadrillak izango dituen proiektu eta erronka nagusiak?
Biztanleei begira komunean prestatzen diren zerbitzu publikoak indartzea eta hobetzea. Nire ustez, guztion artean "kuadrilla arima" mimatu eta ondo zaindu behar dugu, mesfidantza alde batera utziz. Helburu horretarako, ezinbestekoa da Aiara Kuadrilla osatzen duten bost herrien arteko elkarlana, are gehiago herri txikiei begira. Solidarioa izateak garrantzia handia dauka erakunde honetan. Hori da konkretuki "kuadrilla arima": elkartasuna eta elkarlana.
Udaberrian erabaki zen Kuadrillan Aiaratur elkartea disolbatzea. Nola eramango dira hemendik aurrera turismoari lotutako jarduerak?
Momentuz, ofizialki ez da Aiaratur disolbatu. Erabaki hori Batzar Nagusiek hartu behar baitute. Nire uste apalean, Kuadrillak berak Aiaraturreko agintea hartu behar du. Bere esku eta bere gain. Egun Aiaratur erakunde publikoek (udalek) eta pribatuek (merkataritza eta ostalaritza sektoreek) osatzen dute. Disolbatzean, ikusiko beharko dugu nola jartzen dugun martxan zerbitzu berria, nola antolatzen garen, nora jotzen dugun eta nola bermatzen dugun arlo pribatuaren presentzia. Elkarlana beharko da, publikoa eta pribatua.
Hondakinen kudeaketari dagokionez, organikoaren birziklatzea sustatzeko kanpaina egin du Kuadrillak. Ildo horretan jarraitzeko asmoa duzue?
Noski. Ez dugu erosotasunean erori behar. Eguneroko lana ezinbestekoa da eta kanpainak inportanteak dira, bai ikastetxeetan, bai komertzioetan eta ostalaritza negozioetan, bai guztion etxeetan. Helburua zein izan behar den argi daukat: birziklatzen dugun kopurua ahal den heinean gero eta altuagoa eta kalitate handiagokoa izatea... Organikoa gero eta gehiago izatea, errefusa gero eta gehiago murrizteko. Beste alde batetik, aurreikusten ditugun proiektuen artean, zabor-zerbitzu pleguak berrikusi, aztertu eta onartu nahi ditugu, kontratu berria ahalik eta lasterrren indarrean izateko.