"Frankismoan, etxean soilik egiten genuen euskaraz"

Erabiltzailearen aurpegia Txabi Alvarado 2017ko urr. 8a, 11:15

Joan den larunbatean ospatu zuten Euskal jaian egin zioten pmenaldia Escuzari. /Aiaraldea Ataria

Euskal Jaiaren ohorezko makila jaso zuten larunbatean Mertxe Escuzak (Laudio, 1941) eta haren familiak, euskararen alde egindako lanagatik.

Amarengatik ikasi zuen euskara, baina etxean soilik erabili ahal izan zuen, frankismoan debekatuta egon zelako. Berak eta bere familiak jaso dute aurtengo Euskal Jaiko ohorezko makila.

Gerraostean jaio zinen. Nola ikasi zenuen euskara?

Etxean, batera ikasi genituen gaztelera eta euskara. Ama euskalduna zen, Zeanuritik etorri baitzen Laudiora bizitzera, hamahiru urterekin. Gogorra izan zen berarentzat, euskaraz soilik zekielako eta herrian gaztelaniaz hitz egiten zelako gehienbat. Nire aita hemengoa zen, eta ez zekien euskaraz hitz egiten, baina berak derrigortu gintuen euskaraz ikastera.

Nolatan?

Bizkaitar eta gipuzkoarrekin egiten zuen lan aitak. Denak ziren euskaldunak, bera izan ezik. Horregatik erabaki zuen noizbait seme-alabak izaten bazituen derrigor euskaraz jakingo zutela.

Euskaraz hitz egitea debekatua egon zen frankismoan. Bazegoen kalean euskaraz hitz egiterik?

Kalean ezer, zero. Gogorra zen. Egun guztia igarotzen genuen erdaraz hitz egiten, baina etxera heltzen ginenean gaztelaniaz egiten bagenuen aitak ez zigun kasurik egiten, hari euskaraz egitea nahi zuelako. Ez zuen hitz egiten, baina ulertzen zuen hizkuntza. Berak erderaz hitz egiten zigun, baina guk euskaraz erantzun behar genion. Oso nahasgarria zen.

Ezagutzen zenuten euskaraz hitz egiten zuen beste auzokiderik?

Laudion jaioak ez behintzat. Orozkotik edo beste toki batzuetatik etorritakoak egongo ziren, baina jatorriz Laudiokoa zenik ez, nik dakidala. Baserrietan eta komentuetan mantendu zen euskara. Gure baserria da atzeren dagoena Laudion. Muruetatik gora zeuden baserrietako bizilagunek bazekiten euskaraz, eta eurekin egiten genuen; mendian, betiere. Kalean ez genuen euskara erabiltzen. Oso zirkulu itxi eta pribatuan erabiltzen genuen hizkuntza. Bazeuden pertsona batzuk euskaraz zekitenak baina erdaraz hitz egin behar genien, frankistak zirelako. Zoramena zen. Debekatua bazegoen ikastea, zergatik ikasi behar genuen? Txikiak ginenean ez genuen ulertzen. Zaila da gaur egungo perspektibatik ulertzea zein gogorra izan zen hori. Batzuekin euskaraz hitz egin ahal genuen eta beste batzuekin ez, eta txikiak ginenean ez genuen ulertzen zergatik. Francok debekatu zuen euskara, baina bera ez zen hemen egon. Hemengo auzo eta familiak izan ziren debeku hori aplikatu zutenak.

Zaila izan zen hizkuntza mantentzea?

Bai. Praktikatzeko ahalegina egin behar genuen, galdu egingo genuen bestela. Aita, ama eta neba hil ostean, nolabait moldatu behar nuen euskara praktikatzeko. Senarrak ez zuen hitz egiten. Gauzak hala, semearekin hitz egiten nuen, eta ilobarekin gero.

Euskaraz idazten eta irakurtzen dakizu?

Ez, ez nuen ikasi. Euskara klaseak sortu zirenerako nagusiegia nintzen eta eginbehar gehiegi nituen. Hitzez defendatzen naiz.

Noizbait izan zenuten arazorik euskaraz hitz egiteagatik?

Ez, inoiz ez. Jende askok oraindik ez daki euskara dakidala. Oso pertsona zehatzekin hitz egiten dut.

Zure semeari euskara irakatsi zenion. 

Etxean irakatsi nion, eta Latiorroko ikastetxera joan zen gero, klaseak bi hizkuntzetan –euskaraz eta gaztelaniaz– eskaintzen hasi ziren urtean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago