Santiago Abascal Escuza politikaria hil da

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2017ko uzt. 23a, 09:08

Santiago Abascal. /Aiaraldea

Amurrioarrak ibilbide luzea egin du politikan; gehiena PPn, nahiz eta azken urtean Mariano Rajoyren alderdiarekin desadostasun ugari izan eta Vox-en zerrendaburua izan zen Legebiltzarreko hauteskundeetan.

Galdakaoko hospitalean hil zen atzo, 67 urterekin.

Amurrioarrak ia 30 urte eman ditu popularren artean. 1987an Arabako biltzarkide izan zen eta 1995ean ardura hori berriro hartu ez ezik, Amurrioko zinegotzia ere izendatu zuten. Hurrengo hauteskundeetan, 1999an, 2003an, 2007an eta 2011n alegia, bi karguak hartu zituen bere gain.

Gainera, 2003. urtean Espainiako Kongresuan aritu zen Rafael Cámara Rodríguez Valenzuela ordezkatzeko, urtebetez.

Hori gutxi balitz, hainbat eskumen izan zituen alderdi popularrean: Aiarako presidente hautatu zuten 2004an eta Arabako zein Euskadiko batzordeetako kide izan zen.

Alderdiarekin desadostasunak

Iaz PP uztea erabaki zuen Santiago Abascalek, ez baitzuen bat egiten Mariano Rajoyren ildo politikoarekin, bereziki Ezker Abertzaleari zegokionez.

Dena den, ez zuen bere ibilbidea bertan behera utzi eta irailaren 25eko Legebiltzarreko hauteskundetan Vox alderdiaren zerrendaburu gisa aurkeztu zen.

Santiago Abascal Conde da erakunde horren sortzailea, bere semea. Berez, leinu politikoa da Abascalena, Amurrioko alkate frankista izan baitzen hildakoaren aita 60ko eta 70eko hamarkadetan.

Erasoak eta ustelkeriaren itzala

Santiago Abascalen dendak zenbait eraso eta sabotaje jaso zituen 1999an. Halaber, eraso batean jazotako kalteak konpontzeko PPk zenbait diru eman zion legez kanpoko finantzazioa baliaturik, agidanez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago