Protesta ekintza ugari izan dira Murgako lan heriotza salatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2017ko eka. 1a, 15:58

Elkarretaratzea egin dute Amurrion. /LAB Aiara

Iberdrolaren Laudioko egoitza margotu du ezezagun talde batek. Aiarako Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du eta sindikatuek elkarretaratzea egin dute Amurrion.

22 urteko langile bat hil zen atzo Murgako argindar estazioan elektrokutatuta. Iberdrolak azpikontratatutako Fatsur Servicios Integrales S.L. enpresan egiten zuen lan. Ez zen atzo Euskal Herrian hildako langile bakarra izan. Urretxun beste langile bat zendu zen andamiotik erorita. ACRk azpikontratatutako Fateven Construcciones SL enpresarentzat egiten zuen lan. 

Langilearen heriotzak hainbat erreakzio eragin ditu eskualdean. Laudioko Iberdrolaren egoitza gorriz margotuta esnatu da gaur, eta bulegoaren atea itxi behar izan dute horren ondorioz.

Aiarako Udalak, bere aldetik, adierazpen instituzionala plazaratu du, talde politiko guztien adostasunarekin. Udalak elkartasuna adierazi nahi izan die bi lan istripuetan hildako langileen familiei eta gaur egin diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du. Gertatu dena argitzeko balibide guztiak mahai gainean jartzea eskatu dio tokiko erakundeak Osalani, "behar diren neurriak hartzeko". "Egoera hau ez da gizarte moderno baten eredugarria, eta askoz gehiago larriagotzen da langileen lan-baldintzak prekariezatzen dituen lan-politika honekin". 

Elkarretaratzea Amurrion
Elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Amurrion Gehiengo Sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU) deituta. Gertatutakoaren harira ateratako irakurketan sindikatuek adierazi dute heriotza hauek “ez direla kasualitatea”.  “Beste behin azpimarratu nahi dugu prekarietatea dela lan ezbeharren oinarrian dagoen egiturazko arazoa: azpikontratazioak, aldibaterakotasunak, formakuntzarik ezak, lan erritmo biziak... guzti honek lan istripua izateko aukerak biderkatu egiten ditu”.

Hori dela eta, Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatu diete “gertatutakoaren inguruko ikerketa sakona” egiteko, “egon daitezkeen erantzunkizunak argitzeko”. Hortaz gain, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote lan-osasun eta enplegu politikak “goitik behera” aldatzea,  “kalitatezko enpleguaren alde eginez eta lan osasunera baliabide gehiago bideratuaz”.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago