Liburu batean islatuko dute Joaquin Barbara y Balza margolariaren bizitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2017ko mai. 13a, 08:55

Hiru urte behar izan ditu Egoitz Bernaola historia zaleak margolari laudioarraren ibilbidearen gaineko liburua osatzeko.

1867ko abenduaren 18an jaio zen Joaquin Barbara y Balza margolaria Laudion, Aldaiko etxean. 150 urte igaro dira ordutik hona. Urteurren hori profitatuta margolariaren biografia argitaratu nahi du aurten Egoitz Bernaolak.  

Hiru urte eman ditu historia zale laudioarrak Barbara y Balzari buruzko liburua idazteko, baina duela urte gehiago hasi zen margolariaren ibilbidea ikertzen, artikulu laburra plazaratu baitzuen Aunia aldizkarian 2003an. "Artistaren familiarekin harremanetan jarri nintzen orduan, eta informazio asko eman zidaten", azaldu du Bernaolak, "orduan bururatu zitzaidan lan sakonagoa egin zitekeela".

Datu gutxi

Egilearen hitzetan, datu gutxi daude Barbara y Balzaren inguruan, "eta horietako asko gaizki daude, gainera. Hil ostean ahanzturan erori zen bere figura. Ikertzeko interesgarri bilakatzen zuen horrek guzti horrek". Liburuaren idazketa prozesua "luzea eta zaila" izan dela adierazi du Bernaolak: "Konplexua da garai horretako margolariei buruzko informazioa topatzea". Joaquin Barbara y Balzaren kasuan, gainera, zailtasun gehiago daude, "askotan ez zituelako bere koadroak sinatzen eta informazio gutxi dagoelako bere bizitzako etapa batzuen inguruan".

Artxiboak eta argitalpenak arakatuta bildu du Bernaolak informazio gehiena. Horrekin lotuta, familiaren laguntza "oso handia" izan dela nabarmendu du liburuaren egileak, "oso ondo hartu dute proiektua, ilusio handiarekin, eta hori eskertu nahi dut bereziki".

Laudioren eragina

Madrilgo Prado museoan daude Joaquin Barbara y Balzaren lanik ezagunenak. Baina Bernaolak aukera izan du margolariaren lanik "intimoenak" aztertzeko, familiak duen bilduman. "Erretratuengatik da Barbara y Balza ezaguna, baina familiaren bilduman arakatuta ikusi ahal izan dut askoz estilo gehiago jorratu zituela", azaldu du Bernaolak, eta gaineratu du "Laudioren eragina" nabarmena dela artistaren lanetan, "berarentzat egiten zituen koadroetan, batez ere. Uda guztietan etortzen zen Laudiora, eta inguruko paisaiak margotzen igarotzen zituen egunak".

Liburua idatzita dago dagoeneko, eta Arabako Foru Aldundiarekin hitz egiten ari dira argitaratzeko. "Aurten plazaratzea izango litzateke idealena, 150. urteurrenarekin bat egin dezan", jakinarazi du egileak.
"Liburu akademikoa" dela azaldu du Bernaolak, baina gaineratu du ez dutela "datu katalogo soila" eskaini nahi izan. "Artistaren alde gizatiarra islatu nahi izan dugu, bizi izan zituen garaietako testuinguruan jarrita".

Gauzak hala, Barbara y Balzaren bizitzaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko parada izango du irakurleak, margolaria jaio zenetik Santanderren bere buruaz beste egin zuen arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago