Herritar talde batek babesa eman dio Natxo Urkixori, isun mehatxuaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2017ko api. 8a, 08:07

Laudioko alkatea 27.500 euroko isunarekin zigortu nahi dute ikurren legea ez betetzeagatik.

Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak eskaera egin du epaitegian Laudioko alkate Natxo Urkixo ikurren legeari lotutako 2015eko epaia ez betetzeagatik; 27.500 euroko isunarekin zigortu nahi du Javier de Andresek zuzentzen duen erakundeak, hileko 1.500 euro. Epaitegiak erabaki beharko du orain Laudioko udaletxean epaia bete den. Izan ere, Espainiako ikurrarekin batera, hainbat ikur jarri zuten; tartean, Saharakoa eta Eskoziakoa.

De Andresen eskaerak izan du dagoeneko erantzuna. Urkixori babesa eman nahian, astelehenean, esaterako, agerraldia eskaini zuen herritar talde batek. Besteak beste, salatu zuten ez dela mota horretako lehenbiziko kasua izan: "Azken urteotan Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eraso ugari abiatu du udal honen aurka, Laudioko herritarron borondate demokratikoa urratuz".

Bozeramaile batzordea

Laudioko Bozeramaile Batzordea ere alkatearen alde agertu zen pasa den astean. EH Bilduk eta EAJk adostutako testuak salatu du Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren salaketak "ez duela oinarririk" eta alegazioak egin dituztela; oraingoz, baina, ez da ebazpenik jaso. Koalizioaren eta jeltzaleen ustez, Udalak epaia bete du.

Gauzak horrela, nabarmendu dute isuna jartzeko saiakerak ez duela legearekin zerikusirik, eta "bultzada politikoaren ondorio" dela. Alkateari babesa adierazi diote eta azpimarratu dute "ankerkeriaz" jokatzen ari direla bere aurka.

Testuaren bozketan, Omnia abstenitu zen eta PSE-EE-k eta PP-k aurkako bozkatu zuten. Ohar baten bidez Omnniak azaldu du abiapuntua alkatea babestea zela, baina, EH Bilduk eta EAJk nahiago izan dutela "kutsu politikoa duen testua" onartzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago