"Pilotariak harritu egiten ziren epaile gisa ikusita; gaztea eta emakumea"

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2017ko ots. 4a, 08:09

Arabako emakumezko lehen pilota epailea da Maria Sanchez Madoz (Areta, 1996). Irailean hasi zen lan hori egiten, eta pala jokalari eta entrenatzaile gisa ere aritzen da.

Arabako emakumezko lehen pilota epailea zara.
Arabako lehena bai. Edozein modalitatetan izan naiteke epaile: eskukoan, palakoan, zesta-puntakoan, frontenisekoan... Bizkaian badago beste epaile bat, eta Gipuzkoan ere badaudela esango nuke.

Nola iritsi zara epaile lanetan aritzera?
Betidanik ibili naiz frontoian. Pilotari gisa hasi nintzen eta entrenatzaile gisa egon naiz gero. Beti izan ditugu arazoak epaileekin, Gasteizetik etortzen zirelako eta horren ondorioz batzuetan epailerik gabe jokatu behar izan dugulako. Hori dela eta, iaz proposatu zidaten epaile gisa aritzea. Probatzeagatik animatu nintzen. Bi saioko ikastaro bat egin nuen horretarako. Teorikoa izan zen lehen saioa, eta bigarrenean azterketa egin ziguten. Irailean hasi nintzen epaile gisa.

 

“Beti izan ditugu arazoak epaileekin, Gasteizetik etortzen zirelako eta horren ondorioz batzuetan epailerik gabe jokatu behar izan dugulako”

 

Zer moduz moldatzen zara?
Ondo, pozik nago, momentuz. Batez ere Aretan aritu naiz epaile gisa. Ostiralero egiten dira pilota partidak, eta ia ostiralero bertaratzen naiz frontoira. Txikiekin ere pare bat asteburuetan aritu naiz.

Zertan datza epailearen jarduna?
Pilotarien datuak bildu behar izaten ditugu lehenbizi eta epaile lanak egin gero. Ez da zaila, baina egon ohi dira gatazkak.  Beti dago kexatzen den pertsonaren bat, tantoren bat arraroa suertatzen baldin bada eta zalantza sortzen baldin bada. Baina inoiz ez dut arazorik izan.

 

“Emakume pilotariak beti egoten gara bigarren maila batean”

 

Emakumezkoa izateak arazorik ekarri al dizu?
Behin gizon batek komentario bat egin omen zuen, umeen partidu batean epaile gisa nenbilela. Baina epailea autoritate bat da frontoian, eta beti egoten da berarekiko errespetu hori. Arazo gehiago izan ditut pilotari bezala epaile gisa baino. Emakume pilotariak beti egoten gara bigarren maila batean.

Zaila da epaile eta jokalari jardunak uztartzea?
Batzuetan elkarren artean zapaldu egiten dira partidu egunak. Baina Aretan badago zorionez beste epaile bat, eta bien artean koordinatzen gara. Gasteizeko epaile buruak erabakitzen du nor arituko den epaile gisa. Gertutasunaren arabera erabakitzen da. Hori dela eta, Aretako partiduetan aretako epaileak egoten gara normalean. Batzuetan egokitu zaigu Amurrio edo Luiaondora joatea.

 

“Epaileak beti izan dira 40-50 urtetik gorako gizonezkoak. Horregatik uste dut positiboa dela emakume gazteak ikustea lan horretan”

 

Baduzu jokalari gisa 2017ra begirako erronka berezirik?
Trinketean jokatzen nago orain, zeinetan bikote mistoekin jokatzen dugun. Bi partidu egin ditugu momentuz. Irabazi egin dugu bata, eta galdu bestea. Euskal Herriko irekiarekin hasiko gara orain. Gure asmoa da partiduak jokatzea, baina baliteke tokietara mugitzeko zailtasunak izatea, gure familian badaudelako beste pilotari eta pala jokalari batzuk.

Nire asmoa da eskualdean epaile gisa aritzea. Uda partean baliteke Gasteizera ere joatea, partidu asko egiten baitira garai horretan hirian. Uste dut garrantzitsua dela emakumeak paper hau egiten ikustea. Epaileak beti izan dira 40-50 urtetik gorako gizonezkoak. Horregatik uste dut positiboa dela emakume gazteak ikustea lan horretan, modu horretan emakume gehiago animatu daitezkeelako.

Hasieran pentsatzen duzu: “Zer egiten dut nik gizonezkoan mundu honetan?”. Horregatik, oso lagungarria izan daiteke beste emakumezko batzuk ikustea baita mundu horretan sartuta.
Torneoa hasi zenean pilotariak harritu egiten ziren ni epaile gisa ikusita, gaztea eta gainera emakumea naizelako. Baina lan bat da, eta edonork egin dezake lan hori.



Urteak daramatzazu pilotaren munduan. Noiz hasi zinen?
7-8 urte nituela hasi nintzen pilotan jokatzen. Hamar urte bete arte aritu nintzen. Orduan esan ziguten eskupilotan ez zegoela guretzako tokirik eta palara pasatu behar ginela. Orduz geroztik aritu naiz pala jokalari gisa, eta lau urte daramatzat jada entrenatzaile lanetan.

 

“7-8 urte bete genituenean esan ziguten eskupilotan ez zegoela emakumeentzako tokirik, eta palara jokatzera bidali gintuzten”

 


Zergatik esan zizueten eskupilotan ez zegoela emakumezkoentzako tokirik?
Mutilek berez indar gehiago dutelako eta “mutilen kirola” izaten jarraitzen duelako. Ez omen zeuden lehiaketa bat sortzeko adina emakume pilotari. Baina emakumezko guztiak palan jokatzera bidaltzen badituzte, inoiz ez dira emakumezko pilotariak egongo. Bizkaian ezagutzen ditut eskupilotan aritzen diren emakumeak, eta liga propioa dute. Baina Araban konpontzeko dago oraindik hori.

Familiatik datorkizu pilotarekiko zaletasuna?
Nire amaren familia palan aritu izan da. Aitak ere gustuko du frontoia. Gustatzen zitzaidan kirol bat zen. Guztiek egiten zuten saskibaloia edo futbola, eta hau ezberdina zen. Aretako frontoia hurbil izateak ere eragina izan zuen.

Bikoteka edo banaka jokatzea, zer duzu gogokoen?
Nik nahiago dut bikoteka jokatzea. Segurtasun bat ematen dizu, bakarka jokatuta ez duzuna. Hori bai, garrantzitsua da elkarren artean komunikazio ona egotea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago