Ermuko Andra Mari santutegiaren ondare historiko-artistikoa ikertzeko egindako lanaren emaitza biltzen duen liburua aurkeztu dute EHUko Sergio Escribano, Laura Calvo eta Fernando Bartolome irakasleek. Laudioko Udalak Ermualde inguruko proiektuaren lehen fasean egindako lana jasotzen du argitalpenak, eta tokiko erakundeak zein Eusko Jaurlaritzak babestuta kaleratu dute.
Santutegiaren ondarea lau ataletan aztertzen du liburuak: arkitektura, erretaulak, tailu exentuak eta dekorazio arteak. Laura Calvo eta Fernando Bartolome EHUko irakasleek azaldu dituzte atal bakoitzak biltzen dituen elementu aipagarrienak.
XV. mendean hasita
Arkitekturari dagokionez, oraingo santutegia XV. mendean hasitako eraikuntza da, eta, izaera horretako hainbatetan bezala XX. mendera arte luzatu egin ziren lanak. Eraikuntza nagusia XV. eta XVI. mendetakoa da, eta ondoren sakristia eta salako kapera gehitu zituzten XVII. mendean; Arrosarioko Amaren kapera XVIII.ean paratu zuten eta eliza ataria XVII. eta XX. mendeetan.
Kanpandorre exentua du, XVI. mendean eraikitzen hasitakoa eta XVII. mendean osatutakoa. Bitxia da, nabarmendu dutenez, Italiako elizen modura eraiki delako, eraikin nagusitik guztiz banandutakoa. "Ez dakigu oso ondo zergatik ez zen eraikin nagusiari lotuta egin, agian eraikuntza arazoak azaldu zirelako", aipatu du Laura Calvok aurkezpenean.
Erretaula nagusia eraikitako lehenengoa da, XVI. mendearen bigarren partekoa. Bertoko tailu nagusia, berriz, gotiko berantiar estilokoa da, XVI. mendeko lehen hamarkadakoa, eraiki zena baino apur bat lehenagokoa, eta jatorri ezezagunekoa. Adituen esanetan, kalitate handiko erliebe ezberdinez osatutako erretaula da, Ama Birjina eta haurra protagonista izanik, ikonografian Jesusen haurtzaroari buruzko gaiak azaltzen dituena.
Gainerako erretaulak barrokoak dira, alboetan kokatutakoak eta egun hiru kontserbatzen dira. Ermuko Andra Mariren XIII. mendeko irudi gotikoa, bestalde, erretaula neoklasiko batean kokatuta dago.
Arte dekoratibo aberatsa
Santutegiak liturgiarako pieza oso interesgarriak gorde ditu. Gaur egun Arabako elizbarrutiko arte sakratuaren museoak bertoko zilarrezko prozesiorako gurutzea dauka gordeta, XV. mende amaiera eta XVI. mendearen hasiera artean Bilboko Pedro de Garai zilargileak egindakoa, egilearen markak baititu oraindik lanak. Ikerketak, halaber, aipatzen ditu markarik gabeko kaliza gotiko bat eta erretaula neoklasiko bat. Urregintza eta eskultura multzo aipagarri guzti horrek debozio handiko tokia izan delaren seinale bezala aurkeztu zuten egileek.
Ermualden Santa Luzia eta San Antonio eta Santa Apolonia baselizak kokatzen badira ere, ez dituzte ikerketa barruan sartu.
Liburua azaroaren 21etik aurrera izango da salgai, 5 euroan, herriko liburu-dendatan, Areta eta Gardeako gizarte etxeetan, turismo bulegoan eta udal liburutegian. Horrez gain, herriko ikastetxeei ere banatuko zaie; 500 ale argitaratu dira guztira.
EHUko irakasle eta Ermualderen ikerketa proiektuaren koordinatzaile Sergio Escribanok ondare historiko-artistikoaren ikerketak lan dokumentala eta bibliografikoa eremu-ikerketarekin uztartu dituztela azpimarratu du aurkezpenean, dibulgazio lana eginez.
Natxo Urkixo Laudioko alkatearen hitzaurrea du liburuak eta, besteak beste, laudioarrek Santa Luzia eta Ermualde osoarekin duten "harremana" hobeto ezagutzeko baliagarri izango dela nabarmendu du.