"Hilobia ireki eta momia ikustean negarrez hasi nintzen pozaren pozez"

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016ko urr. 29a, 07:00

Sonia Guerrini (Laudio, 1980) arkeologoa da. Egipton egon zen iaz, Luxorreko indusketetan, eta “2015eko aurkikuntzarik handiena” kontsideratua izan dena topatu zuen: Duela 3.000 urteko momia baten hilobia.

Noiztik duzu arkeologiarekiko grina?

Oso txikitatik. Nire familiak dio bi urte nituenean dagoeneko gustatzen zitzaidala Egiptorekin harremana zuen gauza oro. Diru apur bat lortzen nuenean beti joaten nintzen Bilboko Plaza Berrira, mineralak erostera.

Ametsa errealitate bihurtu duzu, beraz. Nola bilakatu zinen arkeologo?

Orain gauzak aldatu da. Orain dela gutxi arte hemen ez zegoen arkeologia karrera egiterik. Historia ikasi behar zenuen eta gero ikasturtean zehar indusketetan boluntario gisa aritu. Indusketetan ordu kopuru bat egin ostean esan zenezakeen arkeologoa zinela. Arkeologia master edo doktoretza bat ere egin zenezakeen. Hori egin nuen nik.

Arkeologia zer da beraz, ofizioa ala afizioa?

Hemen oso zaila da ofizio bilakatzea. Egon zen garai bat zeinetan indusketa asko egiten ziren, baina krisia agertu zenetik ezinezkoa da. Oso arkeologia enpresa gutxi daude, eta gehienek badute jada euren lan-talde propioa. Lehen indusketetan igarotzen zenuen uda, karrera hastean. Ez zizuten ordaintzen, baina jatekoa eta lo egiteko lekua eskaintzen zizuten. Orain ordaindu egin behar duzu indusketetan parte hartzeko. Zoramen hutsa da!

"Nik zortea izan dut eta profesional gisa aritu ahal izan naiz bi hilabetez urtero, soldatarekin, baina ez da ohikoa"

Gehienek beste lan batean amaitzen dute, edo indusketak beste lan batzuekin tartekatzen. Oso anitzak dira arkeologoen curriculumak!

Egoera horren zaila izanda, nola sortu zitzaizun Egiptora joateko aukera?

Espainiako arkeologia espedizioak bilatzen interneten. Gustuko nuen bat topatu nuen, curriculuma bidali eta 2.000 pertsonen artean aukeratu ninduten. Errealitate bilakatutako ametsa izan zen.

Egiptora iritsi eta hamar egunera momia bat topatu zenuten gainera.

Oroitzen dudanean zirrara sortzen zait oraindik. Imajinatu ezazu: bizitza osoa neraman horrekin amets egiten! Nire burua oroitzen dut arnasari eusten, langile egiptiarrek sarkofagoaren gaineko harlauzak altxatzen zituzten bitartean. Ez genekien zein egoeratan egongo zen, lapurretarik jasan zuen ez eta zein garaikoa zen ere. Eta, une batetik bestera, hor zegoen. Ukitu gabe, eder... 3.000 urte zituen. Ikusi bezain laster aldendu, maskara kendu eta negar egiteari ekin nion, beste kideak besarkatzen nituen bitartean. Inoiz ahaztu ezingo dudan zerbait da.

Egiptoko indusketan egon baino lehen beste batzuetan egongo zinen, ez?

Askotan! Penintsula osotik aritu izan naiz: Sorian, Valladoliden, Castellonen, Gironan, Cordoban, Granadan, Gasteizen, Miranda de Ebron, Gernikan, Durangon, Berrizen, Urduñan, Laudion... une honetan Ingalaterran nago indusketa batean, Cambridgen.

Pazientzia asko izatea beharrezkoa da horrelako indusketa batean parte hartzeko?

(Barreak) Kasuaren arabera. Historiaurreko indusketak milimetrikoagoak dira, baina ni egon naizen proiektu gehienetan hau da behar duzuna: esfortzu fisikoa egiteko beldurrik ez izatea, geruzak ondo behatzea eta eguraldiari beldurrik ez izatea, basamortuan 45 graduko tenperatu izan dezakezulako, edo elurra izan lupetza baten erdian.

Zer dago “arkeologo abenturazalearen” figuraren atzean?

Egia da abenturazaleak garela: lekuz aldatzen gara, beste kultura batzuk ezagutzen ditugu, etengabe gabiltza ikasten, gure istorio propioa bilatzen... baina askotan ez da aipatzen horrek guztiak zure senide eta lagunetatik urrun egotea dakarrela, giro oso ezberdinetara ohitu behar zarela, sorbalda eta eskutako min asko dituzula... ofizioaren gogortasuna ez da aipatzen.

Baduzu Egiptora itzultzeko asmoa, ez?

Espero dut hemendik urte eta erdira itzultzea. Baina orain Cambridgen nago, eta urtebete geratzen zait oraindik... Erresuma Batuan gauzak oso ezberdinak dira. Ofiziorako balio baduzu ez zaizu lanik faltako. Hemen bai, bizi daiteke honetaz. Hotz eta euri asko egiten du, baina edozertarako prest gaude arkeologoak (barreak).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide