2009an Txema Blasco omendu zuten, 2010ean Ramon Barea eta 2011an Itziar Lazkano. Aurten zuk jaso duzu Ohorezko Txapela. Nolakoa da horrelako sari bat jasotzea zure herrian?
Jendearen maitasuna gertu sentitu dut. Urte hauetan egiten egon naizen horrekin jarraitzeko animoak jaso ditut, bizkarrean zapladatxo bat izan balitz bezala, beste 20 urtez lan gehiago eta hobeagoa egiteko.
Ohorezko Txapelak zinemagintzan, telebistan eta antzerkigintzan izan duzun ibilbide luzea saritu du. Non sentitzen du Leyre Berrocalek bere burua erosoago?
Lana dagoen bitartean, egia esan, arloa berdin dit. Ni pozten nauena da antzeztea, baina beharbada zinemagintza eta antzerkigintza dira gogokoen ditudanak.
Film laburren munduan ere esperientza zabala duzu. Kepa Sojoren agindupean ere aritu zara. Zer nabarmenduko zenuke formatu motz horretatik?
Oso bitarteko ona da esperimentatzeko, arriskatzeko, hasteko edo jarraitzeko. Batek egiten dakiena ezagutzera emateko modu bat izan daiteke. Nire ustez artea da denbora tarte laburrean istorio oso bat kontatzen jakitea.
Nola baloratzen duzu sektorearen egungo egoera?
Nik dakidanagatik oso film luze gutxi grabatzen dira hemendik. Orain dela urte batzuk baino gehiago dira momentu honetan, bai, baina oraindik ere ez dira nahiko sektore horretan lan egiten dugun guztiok lana izateko.
'La boda de Betty Blue' da orain esku artean duzuen antzelana. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Euskal Herriko hainbat herritan egongo gara lan honekin, erailketa baten eta ustelkeria kasu askoren inguruko suspentsez betetako komedia zentzugabearekin. 'Vidas Pasadas' antzerki obra hurbila ere antzezten dut, hoteletan aurkezten dugu; gehienez 25 pertsonei zuzendutako ekitaldia baita, horregatik sesio ugari egiten ditugu. Antzezpena Bea Insa aktorearekin batera egiten dut, antzerkian aditua den balentziarrarekin. Bizirauteko berrasmatu beharra duten bi galtzaileren istorioa kontatzen dugu, komedia beltza.
Izango dugu zure lanaz gozatzeko aukera Amurrio Antzokian?
Gustatuko litzaidake, bai! Badakit gertuko hotel batek 'Vidas Pasadas' antzezlana kontratatzeko interesa duela eta gu oso pozik hartuko genuke. Esperientzia berri bat da eta antzerki ona gogoko duten horientzat oso gomendagarria.