Ekonomia berpizteko plana eratu du Kuadrillak

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016ko ira. 24a, 08:00

Eskualdeko industria poligonoen inbentarioa egitea eta Lehen Sektoreko enpresen haztegia sortzea aurreikusten dute, besteak beste.

Aiaraldeko Industria eta Ekonomiaren berraktibaziorako plana osatu eta aurkeztu du egunotan Aiarako Kuadrillak, Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza bat baliatuta.

Aurreikuspenen arabera, datorren urteko maiatzaren 31rako gauzatuko den proiektua hainbat fasetan dago banaturik, eta hainbat ekintza ere egingo dituzte plan horren baitan. Horien artean nabarmendu dute inbentarioa egin nahi dutela, eskualdeko industria poligonoen ezaugarrien ingurukoa.

Enpresa eta ekonomia-jardueren gaineko informazioa bilduko du inbentario horrek, poligonoen egoera urbanistikoa eta eraikinen gaur egungo egoera ezagutze aldera. GIS sistema batean bilduko dute informazio guztia, doako bisore baten bidez ikusgarri egon dadin.

Horrez gain, lehen sektoreko enpresen haztegi bat sortzea ere aurreikusten du esandako planak, tokiko produktuen ekoizpenera bideratuta egongo dena. Haztegiak makina eta espazio komunak izango lituzke.

Bestelako ekimenak

Bestalde, Industria ekoizpen aurreratua 4.0 deritzonaren baitako estrategiak eskualdera ekartzeko ekimenak egitea ere aurreikusi dute Kuadrillakoek, eta baita enpresen kontsolidaziorako tutoretza pertsonalizatuak eta jardunaldi teknikoak antolatzea ere. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago