Bizi itxaropena gaur inoiz baino luzeagoa da. Jaiotza tasa, berriz, inoiz baino txikiagoa. Biztanleria zaharkitzen doa etengabe, eta horrek mendekotasun egoeran dauden pertsona kopurua handitu baino ez du egin. Horrek esan nahi du etorkizunean are baliabide gehiago beharko direla zaintza lan guzti horiek asetzeko. Baliabideak, baina, mugatuak dira.
Aiaraldean, Europan gertatzen ari den bezala, piramidea irauli egin da. Eskualdeko populazioa apurka-apurka zaharkitzen doa eta, egun, Aiaraldeko biztanleriaren %19, batez beste, 65 urtetik gorakoa da, Eustaten datuen arabera. Jaiotza tasaren beherakada eta bizi itxaropenaren luzapena dira horren arrazoi nagusiak. Fenomeno horrek asko handitu du mendekotasuna duten pertsonen kopurua, zaintza lanen beharra lehen planora ekarriz.
Egun jaiotzen diren emakumeak 85 urtera arte biziko dira, batez beste. Gizonen bizi-itxaropena 78 urtean dago. Eustaten zifrak aztertuta, 1975ean jaiotako pertsonak baino 10 urte gehiago biziko dira gaur egungo gizon eta emakumeak. Gainera, orain inoiz baino ume gutxiago jaiotzen dira eta horrek ondorio bakarra du. Laudioko adibideak argiak dira. Bertako herritarren %23k jada 65 urte baino gehiago du. Egoera horren aurrean, ezkorra da Laudioko San Roke nagusien egoitza publikoko zuzendariordea den Izaro Azkunaga: "Eskualdean nagusientzat dauden baliabideak oso eskasak dira eta etorkizunean arazo larriak izango ditugu".
Gaur egun Aiaraldean dagoen itxaron zerrenda 200 pertsona baino gehiagokoa da, eta hurrengo urteetan "nabarmen areagotuko da", Azkunagaren aburuz.
Mendekotasun handia
Laudioko San Roke egoitzan gaur egun 80 pertsona daude, 50 egoiliar eta 30 eguneko zentroan. Azkunagak azaldu duenez, gehienak mendekotasun handia duten pertsonak dira, Alzheimerra edo dementzia larriak dituztenak, izan ere, 3. gradukoek sartzeko lehentasuna dute. Bertan asistentzia osoa jasotzen dute, 24 orduko osasun zerbitzuaz gain.
Horrelako zerbitzu publikoak, baina, ez dira doanekoak. Laudioko egoitzan egoteko hilabetean 1.100 eta 1.500 euro artean ordaindu behar du egoiliar bakoitzak, bere egoeraren arabera. Prezio horri aurre egiteko gaitasuna ez dutenen kasuan, Aldundia haien ondasunekin geratzen da.
Gauzak hala, asko dira horrelako zerbitzu publiko batera iritsi ezinik geratzen diren familiak, eta kasu horietan emakumeen esku geratu ohi da pertsona nagusien zaintza. Hori dio Eustatek 2013an eginiko ikerketak: Araban emakume batek batez beste 2,12 ordu eskaintzen dizkio familiako pertsona nagusiak zaintzeari, gizonekoek, berriz 0,48 baino ez.
Datuak:
7 egoitza: Diputazioak eta udalek bina kudeatzen dituzte. 278 lagunentzako tokia dute guztira.
6 eguneko zentro: Foru Aldundiak lau kudeatzen ditu. Denera, 110 pertsonentzako lekua dute.
3 etxe komunitario: Aiaraldean dauden etxeetatik bi pribatuak dira. Guztira, 36 lagun sartzen dira.