"Nik gauza asko utzi behar izan dut alde batera, edozein emakumezko jokalarik bezala"

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016ko eka. 4a, 08:00

Joana Arranz (Laudio, 1988) Santa Teresa futbol taldeko jokalaria da baina Laudion hasi zuen ibilbidea profesionala izan baino lehen. Kirolak nola eraman duen Badajozera azaldu du.

Egun futbol talde profesional batean jokatzen duzu, nola amaitu duzu Badajozen?

Zaila da batek non amaituko duen jakitea eta kasu honetan, jokalari gisa Athletic Club-eko kontratua amaitu zitzaidanean, Badajozeko Santa Teresa taldetik deitu ninduten. Hona etortzeko hautua egin nuen, erronka berriak bizitzeko aukera polita izango zela pentsatuta eta gaur egun ez nago batere damuturik.

Zure ibilaldiaren aldeko apustu handia egin behar izan duzu, jendearentzat ulergarria izan da edo gizona izango bazina errazago onartuko lukete?

Gizonezkoek kanpora jokatzera joan behar izatea edo zeozertan sakrifikatzea beste modu batean ikusiko luke gizarteak, emakumeok baino denbora gutxiago galduko luketela pentsaturik. Batez ere, egonkortasunagatik, soldatagatik, eta abar.

"Nik gauza asko utzi behar izan dut alde batera, beste edozein emakumezko jokalarik egingo lukeen bezala".

Azken batean, astean zehar, entrenatzera joaten naiz eta asteburutan partidak ditut etxean edo etxetik kanpo. Beraz, ikasketa batzuen ondotik lortutako jardunaldi osoko lanak albo batera uzten dituzu aldi baterako. Erokeria dirudi baina nik bide hau hartu dut, amets bat betetzeko aukera dagoenean aprobetxatu behar delako, bestela zure bizitzako gertaera ederrena gal dezakezulako. Horregatik, futbola eta lana edo ikasketak aldi berean egiten saiatu naiz edota azken urte honetan bezala, ingurukoengandik urrundu behar izan dut nire ametsa bizitzen jarraitu ahal izateko, nahiz eta oraingoan zorte handia izan dudan, ingurukoek hartutako erabaki guztietan beti babestu nautelako.

Orain dela gutxi Euskal Herrian jokatu duzu, nolakoa izan da bizipena?

Oso ona! Jendeak oso ondo hartu nau eta sarean detaile politak jaso ditut, hunkitu nindutenak. Gainera berriz Lezaman jokatzeak eta nire aurreko kideak ikusteak oroitzapen ederrak ekarri dizkit gogora.

Ametsa betetzea lortu duzu? Horrela bada, zuk uste zenuen modukoa izan da, gogorragoa agian?

Txikitatik Athleticen emakumezkoen taldean jokatzea izan dut amets beti, logelan taldearen posterra nuen eta askotan geratzen nintzen jokalariei begira (barreak). Beraz, ametsa jada betea daukat haietako askorekin jokatzeko aukera izan baitut eta egia esan uste nuena baino hobea izan da, zenbait kopako final jokatzea zer den sentitu dut, San Mamesen liga bat jokatzea,… amets zailak baina azkenean betetzea lortu ditudanak.

Non jokatu izan duzu Santa Teresan jokatu aurretik?

Eskolan hasi nintzen mutikoekin jokatzen eta hortik areto-futbolera pasa nintzen Lo+bederatzi taldearekin Laudion. Ondoren, Ugaoko taldean jokatu nuen eta azkenean Athletic Clubera pasa nintzen eta 8 urte bertan igaro nituen.

Zeintzuk dira zure jomugak jokalari gisa?

Oraintxe bertan lehen mailan jokatzen gozatzea da nire lehen helburua eta nire taldeari eman ahal diodan laguntzarik gehiena ematea, noski. Hala ere, esan beharra daukat zentral gisa jokatu arren, beti saiatzen naizela denboraldian 5 gol sartzen.

Jolastorduetan mutilek zu hautatzen zintuzten futbolean jokatzeko? Orain norbait zu ez aukeratzeaz damutzen dela uste duzu?

(Barreak) Egia esanda, jokatu dudan guztietan mutilek asko baloratu naute nahiz eta hasieran ez zen horrela izaten, eta neska izanda azkena aukeratzen ninduten baina gero ideiaz aldatu ohi zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago