Asteartean jarriko da martxan Luiaondoko kontsultategia

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016ko mai. 15a, 08:00

'Patxitaren Etxea' izenarekin ezagutzen den eraikinean osasun zerbitzu berria du prest Luiaondok.

Maiatzaren 6an egin zuten instalazioen aurkezpena, eta Aiarako Kuadrillako ordezkariak zein bertan lanean egongo diren medikuak bertaratu ziren; eta asteon herritarrentzako ate irekien jardunaldia egin dute. Arreta zerbitzua, baina, maiatzaren 17an, asteartean, abiatuko da.

Eraikinaren beheko solairua bideratu dute osasun zerbitzura. 200 metro koadroetan itxaron gela, eskaerak kudeatzeko harrera espazioa eta hiru kontsulta egongo dira, erizaintza lanetarako bat eta medikuentzako bi.

Guztiz irisgarria
Mediku egoiliar batek erabiliko du bietako bat. Gainera, erabilera anitzeko beste bi espazio egin dituzte. Horietako bat odol-ateratzeak egiteko edo txertoak jartzeko izango da, eta, bestea taldeko heziketa ekintzak gauzatzeko, diabetiko edo asma dutenei zuzendutako saioak kasu. Medikuek erabiltzeko biltegia eta aldagela ere badaude, komunez gain. Espazioa egokituta dago eta guztiz irisgarria da. Etxearen atzealdean aparkalekua eta anbulantzietarako gune berezia ere egokitu dute.

Luiandoko familia mediku Roberto Gonzalezek azpimarratu du "hobekuntza handia" ekarriko duela espazio berri horrek Aiarako osasun zerbitzura: "Aurretik, gizarte etxearen parean zegoen kontsultategian, galdera bat egin eta kaletik dena entzuten zen. Eskaerak kudeatzeko espazio berriak pribatutasuna bermatzen du".

Pediatra baten beharra
Yolanda Carro erizainak azaldu duenez, "lehen ez zegoen espazio nahikorik Luiaondoko jende guztiarentzat. Orain espazioa lan egiteko askoz erosoagoa da". Gune berriarekin "oso pozik" dauden arren, Carrok azpimarratu du zerbitzuak hobetzeko asko duela oraindik, "Luiaondon familia gazte asko daude eta ume ugari. Pediatra baten beharra dugu".

Guztira 1,1 milioi euroko gastua suposatu dute espazioaren erosketak eta egokitzapen lanek. Oraindik, baina, egitekoak daude. Patxita Etxearen parean zaharkiturik dagoen eraikin txikia eraitsiko dute hurrengo hilabeteotan eta bertan botikin zerbitzua ere jarriko dute, Arespalditzako botikak eskainiko duena. Gainera, kontsultategi paretik igarotzen den espaloiak bi metroko zabalera izan dezan lanak egingo dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago