Arratsaldeko 18:00etan ekin diote Jalgi egitasmoaren egitaraua aurkezteari Laudioko Lamuza pilotaleku esanguratsuan. Ekimenerako propio egindako abestiak girotu du ekitaldia eta Manuel Moreno (Topagunea), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea) eta Maria Rivero koordinatzaileek hartu dute hitza antolatzaileen izenean. Natxo Urkixo Laudioko alkatea eta Ander Añibarro Aiarako Koadrillako presidentea ere mintzatu dira.
Guztiek goraipatu dute euskal kultur eragileen, euskalgintzaren eta euskararen transmisioaren garrantzia. Izan ere, horiek eta euskal kulturari ikusgarritasuna emateko beharra izango dira Jalgiren ardatzak.
Gorka Urbizu, Anari, Porrotx eta Miren Amuriza ekarriko ditu Jalgik Aiaraldera, besteak beste
Egitarauari dagokionez, maiatzaren 23tik 29ra 70 jarduera gauzatuko dituzte Aiaraldeako 9 herrietan. Horretarako, hainbat diziplina uztartuko dituzte; musika, arte plastikoak, antzerkia, bertsolaritza eta dantza, besteak beste.
Izen handiko Anari, Miren Amuriza, Gorka Urbizu, Porrotx, Joseba Tapia, Agurtzane Intxaurraga, Iratxe Fresneda, Xabi Solano, Hesian, Katixa Agirre, Andoni Egaña, Galder Izagirre edota Jon Maia arituko dira programatutako jarduera horietan, bai eta bidea jorratzen ari diren beste asko ere. Guztira astebetean 65 kultur jarduera programauko dira tokiko eta Euskal Herriko sortzaileenn eskutik. Kultur jarduera guzti hauen berri zehatza jalgika.eus web-atarian jaso dute, eta PDF honetan ere topa daitezke.
Emanaldi asko ikastetxetan egingo dituzte, baina kulturari ireki nahi dizkioten plazak oso bestelakoak izango dira: kaleko espazioak, Amurrio Antzokia, Alondegia, Gizarte Etxea, kultur etxeak, Donibane Aretoa, euskaltegiak, katekesi aretoa, gaztetxeak, kaleak...