Zer moduz esperientzia?
Asko gustatu zait, esperientzia bakarra da eta jarraitu eta bizi behar duzu bihotzez. Ez baduzu horrela bizitzen oso gogorra da. Nire ustez, “El conquistador” saiora joatekotan, buruz oso sendo egon behar duzu; gorputza gosera ohitzen da egunak aurrera egin ahala, baina buruz ez bazaude ondo, ezinezkoa da.
Partaide askok utzi dute lehiaketa aurten, nola bizi izan zenuen zuk hori?
Nik argi neukan horrelako esperientzia izateko aukera bakarra nuela eta horregatik oso kontzientziatuta joan nintzen. Hala ere, aurten lekua aldatu dute eta lehenengo eguna oso gogorra da, niretzat okerrena. Proba galdu genuen eta etxola guk egin izan behar genuen; ez geneukan ura, jendeak botaka egiten zuen... horrek asko etsitu zuen taldea.
"Asko hasi ziren esaten hori ez zela eurentzat, etxean gauza garrantzitsu gehiegi utzi zutela... ezinezkoa da bertan egotea hemen utzi duzuna buruan badaukazu".
Nire taldeko nagusiena nintzen (18-30 urte bitartekoa zen gurea) eta esperientzia eta urteak nabariak ziren. Joateko asmoa zutenean ni saiatzen nintzen konbentzitzen ez egiteko, baina norbera nagusia da. Nik esaten nien geratzeko, itzultzean damutuko zirela, baina ez zidaten jaramonik egiten.
Zer esango zenukeen zure kapitainari buruz?
Lehiaketa bukaeran hamarra eman nion eta orain ere ematen diot. Ni asko lagundu ninduen; laugarren egunean sekulako sukarra izan nuen, txarto egon nintzen eta immunitaterako lepokoa eman zidan. Oso gau txarra igaro nuen eta bera nirekin egon zen. Gainera, saiokoek ez zidaten txertorik ez ezer jarri. Sukarrari aurre egiteko oihal bat putzu batean sartu behar nuen, eta bainu-jantziaren gainean hamar minutuz jarri gorputza hozteko. Gero, arropa jarri behar nuen eta ohean sartu. Horrela hamar aldiz. Gorputzaren tenperatura eskuz neurtzen genuen eta jaitsi izan ez balitz etxera bidaliko ninduketen. Oso txarto egonez gero bakarrik jartzen dizute txertoa.
"Eurei gustatzen zaie erakustea nola galtzen dituzun indarrak edo pisua. Pozik bazaude, ez duzu interesik pizten".
Peiok izugarri zaindu ninduen eta kapitaina izateari utziz gero proposatu zidan niri hartzea bere lekua, trebeena izan nintzelako arrazoiak ematen, probak azaltzen besteei...
Harreman oso ona izan duzu kide ororekin, zure izaera da edo estrategia?
Nire izaera da, ezagutzen nauenak badaki horrelakoa naizela. Bertan "amatxi" titulua eman zidaten. Jendea txarto zegoenean zaintzen nuen eta, adibidez, janariaren banaketari zegokionez, guztiei kopuru bera ematen nien probak irabazten genituenean.
"Hamar pertsonako taldea osatzen genuen eta zaila da guztiekin harreman ona izatea, baina nik izan dut. Horrelakoa naiz".
Berdeekin ere oso harreman ona izan dut, nire izaera gustuko zuten.
Basoan egin duzu lehiaketa osoa, gogorra izan da?
Bai, baina basotik ateratzen ginenean beroa itogarria zen. Jendeak imajinatu behar du udako egun bat: beroa, 30 gradukoa, ekaitza sortzen duena... ba horren bikoitza. Horrelakoa zen bertako eguraldia.
Bestalde, kanpamentu aberatsean sekulako anakondak ikusi ditugu, izugarriak. Kamerek esan ziguten kontuz ibiltzeko eta gauez ez ginen ateratzen beldurra genielako anakondei.
"Pixa edo kaka egiteko ipurdia ateratzen genuen baina ez ginen jaisten. Oso arrikutsua zen; eskorpioiak, anakondak, pirañak, tximino txiki ugari zegoen eta gauzak botatzen zizkiguten".
Edonola ere, bazegoen beste arazo bat; eltxoak. Arratsaldeko 17:00etan iluntzen zen eta eskularruak eta buffa jantzi behar zenuen ziztadak ekiditeko. Azal zati txikia bistan utziz gero, ziztatzen ziguten. Kontuan hartu behar da bero handia egiten zuen.
Orduan beldurra sentitu zenuten?
Egunero. Egun gogorrena lehenengoa izan zen: soinuak, tximinoek hostoak eta adarrak botatzen zizkiguten... ezinezkoa izan zen lo egitea.
Okerrena basoa zen?
Amazonaseko ura marroia zen eta ez genuen ezer ikusten. Anakonda bat alboan egon zitekeen. Ura beroa da eta kakaz gainezka dago. Nerbioi ibaian ikusten diren apar poltsak baino handiagoak zeuden bertan eta gainera han edan behar genuen, pilula batzuk erabilita edateko ur bihurtzeko. Ur hori edan behar genuen derrigorrez, bestela deshidratatzen ginen. Nik buruan neukan edateko edo jateko jartzen zidaten guztia hartzeko gai izan behar nintzela.
Taldeak elkartu zirenean ez zinen guztiz ondo moldatu neskekin, ezta?
Taldeko bi geratu ginen, Igor eta biok. Ni ez naiz Igor bezain indartsua, eta, ondorioz, ezin nintzen bere bikotea izan. Neskekin, ordea, bai. Eurekin egoteko proposatu nien eta behin janaria partekatu nuen hobeto ezagutzeko; esan zidaten ez nindutela bozkatuko. Hala ere, Iñigok esan zien ni bozkatzeko, beste bat (Sofía) baino gogorragoa bainintzen. Nik ere nire estrategia izan dut.
"Hiru lehia egin ditut eta batean lagundu. Guztiek ezin dute hori esan. Jarraitzen duten askok ez dute lehiarik egin".
Aipatu lehia batean mina hartu zenuen.
Bai, Migorekin egindako lehian. Hasierako taldean geunden eta bera eta Xabi zeuden izendatuta. Niri eskatu zidan berarekin joateko eta heltzean Julianek esan zidan parte hartu behar nuela lehian.
Proban soka bat igo behar nuen, tirolina igo eta gero soka bat moztu behar nuen. Horretarako labana nuen, uste nuen ez zuela mozten eta gogor eman nion. Aldiz, labanak asko mozten zuen eta sokatik erortzean 6 puntuko zauria egin nuen.
Horren ondorioz gorriak ikusi zenituen.
Abenturaren erdian gertatu zitzaidan. 14 ataletan agertu naiz eta 6. edo 7. atalean jazo zen. Hala ere, ez nintzen kexatu. Dena den, lehia amaitu arte egon nintzen odoletan, eserita eta itxaroten. Horren ostean, sendagile batek ikusi zuen zauria eta esan zidan puntuak beharko nituela. Orduan kanpamentura joan ginen, guztia grabatu behar baitute. Hortik langileen igluetara jo nuen eta bertan josi ninduten. "Zauri barruan sartu zidaten anestesia eta josi nindutenean min ikaragarria sentitu nuen, oihukatu nuen eta guzti". Josi ondoren eskatu zidaten altxatzeko eta ezin nuen, zorabiatu eta erori nintzen. Lurrean eseri nintzen ordubetez eta ura eman zidaten. Hobeto sentitu nintzenean kanpamentura itzuli nintzen. Heldu bezain laster jakinarazi zidaten proba batean parte hartu behar nuela. Nire susmoa da horregatik ez zidatela beso osoan anestesiarik eman, beso guztia lokartuta izanez gero ezin bainintzen proban aritu. Oso ondo pentsatuta dute.
Igorren jarrera berekoia izan zen?
Igor horrelakoa da. Gustatzen zaio jendea zirikatzea eta nire izaera guztiz kontrakoa da: isila naiz, ez dut jendea zirikatzen... taldeetan batzuetan gelditu behar genuen, bestela kaosa sortzen zuen.
"Edonola ere, lagun ona eta bihotz onekoa da. Hori bai, oso bestelako izaerak ditugu eta horregatik talka egiten genuen".
Orain ikusten da, berdeekin dago eta etengabe zirikatzen dago.
Azkenengo lehian utzi zenuen, etsipena sentitu zenuen?
Nik oso indar gutxi nituen. Egunero lehiak eta probak izatea oso nekeza da eta janari gutxi genuen. Horrez gain, taldeak bateratzen direnean lehiak gogorragoak dira.
Proba-lehia dinamika oso gogorra da eta nik etengabe egin nuen. Beste batzuek, berdeek, adibidez, ez zuten horrela egin. Azken unea heldu arte ondo egon naiz. Egia esanda, pentsatzen nuen gutxiago iraungo nuela. Indarrak agortu zitzaizkidan eta ezin nuen igo, beraz, penarik gabe bukatu dut. Pena sentitzen dut orain, telebista ikustean, baina momentuan ez. Hala ere, oso gogorra da besteak jaten ikustea eta zuk ez egitea, horrela indartsu egotea erraza da!
Lehien aurreko minutuak nolakoak dira?
Oso urduri jartzen zara hasieran: Julian ikusten duzu, azaltzen dizute zertan datzan... eta bai, oso urduri jartzen zara. Lehenengo proban oso urduri zaude, ez baitzaude ohituta kameretara, jendea ez duzu ezagutzen, ez dakizu nor den trebea, batzuek oihukatzen dute... baina gero urduritasuna txikitzen doa. Egunek aurrera egin ahala lasaiago zaude. Bestalde, probetan norbaitek ordena jarri behar du, bestela anabasa hutsa bilakatzen dira.
Lehien eta proben artean denbora libre gehiegi izan zenuten?
Probaren arabera. Goizeko 06:00etan etortzen ziren kamerak, 10:00etan izaten ziren probak, elkarrizketak egiten genituen, probara joan behar genuen, askotan itxaron dena prest egon arte... Bestalde, oso gaiztoak dira eta 12:00etan, eguzkiak bete-betean jotzen zuenean, egiten genituen probak.
"Probak hasi baino lehen grabaketak genituen eta asko luzatzen zen dena. Horregatik, proba ostean bidea oso gogorra zen galduz gero."
Aintzat hartu behar da askotan oso ohikoa zela gelditzea eurek grabatu zezaten. Ondorioz, jendearen animoa asko urratzen zen eta zorabioak egoten ziren. Arratsaldetan bilera geneukan eta horrek ere ibilaldia suposatzen zuen. Beraz, ez zegoen denbora libre askorik.
Ikusten duzunean telebistan ematen dutena, zer pentsatzen duzu?
Asko mozten eta itsasten dute. Agian esaldi bat beste batekin lotzen dute eta eztabaida batean zu bakarrik ikusarazten zaituzte... muntaia handia egiten dute baina horrela betetzen dute euren lana. Nirekin ondo portatu dira eta horregatik ez daukat kexarik, baina muntaia hutsa da. Berez, ez dute ezer onik ateratzen, batak bestea laguntzen badu, ez da agertzen. Txarra, aldiz, guztia. Adibidez, puntuekin eman nuen programa gehiena eta zaurien irudirik ez dute eman. Ziurrenik kexaka ibili izan banu, aterako ninduketen, baina ez nuenez ezer esan, ez dute ezer islatu.
"Iragarri zidaten gauza bat zela nik bizitakoa eta beste bat, ezberdina, telebistan ematen dutena, eta hala da".
Gatazka besterik ez dute transmititzen. Horrek asko saltzen du eta onak ez. Elkarlanean aritzen ginen, baina horrek ez dauka interesik.
Zer moduz harremana programako langileekin?
Nik ez dut inoiz arazorik izan eurekin. Argi izan behar duzu bere lana egiten ari direla; langileak dira. Hortaz, grabatu behar zuten eta elkarrizketa eskatzen zizutenean, egin behar zenuen. Maiz ez zenuen gogorik, baina ulertu behar genuen eurek ere nahiago zutela etxean egon, eta ez beharrean. Eurek, nahiz eta Kolonbiakoak izan eta ohituak egon, sufritzen dute. Esan bezala, oso ondo portatu dira gurekin: azaltzen ziguten nondik edan edo probak nola egin, adibidez. Hori bai, erabat inkomunikatuta geunden: ez genekien proba non zen ez ezer.
Etorri nintzenean jendeak ez zekien. Azaroaren 16an itzuli nintzen eta pertsona askok ez zekien. Edonola ere, emititu bezain laster umeak hasi dira argazkiak eta autografoak eskatzen. Kontua da emititu arte inork ez dakiela zer egin duzun bertan edo zer itxura eman duzun. Emisioaren ostean bai, herritar ugari hurbiltzen da: "Konkis-ekoa". Argazkiak egiten ditugu facebookera eta sare sozialetara igo ditzaten, adibidez. Dena den, kontratua sinatu nuenean esan zidaten hau behin-behinekoa dela. Berehala ahaztuko naute. Bitartean, jendea zoriontsu egin ahal badut, ezin hobeto.
Errepikatuko zenuke?
Ni atera nintzenean, proba egin eta bost minutura, elkarrizketa egin nuen eta galdetu zidaten errepikatuko nukeen eta berehala esan nuen baietz. Aukera bakarra izanik, zergatik ez.
"El conquis"-eko parte hartzaileek harremana mantendu duzue?
Piraña taldeko kideok whatsapp taldea daukagu eta edizioko lehiakide guztiok beste bat. Afariak egiten ditugu, noizean behin elkar ikusten dugu, agian norbait Laudiora hurbiltzen bada hitzordua egiten dugu... Pirañok harreman ona izan dugu gure artean.