Enpresa kudeatzen duten arduradunei jakinarazpen ofiziala helarazi ostean, hilabeteko tartea izango dute jarduna eteteko. Gasolindegiak orain okupatzen duen lurzoruaren kalitatea berreskuratzea izango da hurrengo pausoa.
Etorkizuna zalantzan
Tokiko Gobernuak gasolindegiko lanpostuak eta ematen duen zerbitzua mantentzeko asmoa badu ere, horren etorkizuna ez dago argi. Horren harira, Amurrioko alkatea Josune Irabienek aurreratu du enpresa-jarduera hori berriz ezartzeko aukerak daudela: "Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, gasolindegiko jabeari proposamen batzuk egin dizkiogu eta batzuk atzera bota dituen arren, beste batzuen inguruan ez du ezer esan. Oraindik haien artean hizketan dabiltza". Aukera horiek guztiak "indarraldian dagoen legeria bete eta hiri eremutik kanpo daudenak" direla gaineratu du Irabienek.
1959. urtetik
Gasolindegia 1959an jarri zuten martxan, 50 urterako jarduera doan egiteko baimentzen zion akordio bati esker. Epemuga gaindituta, 2009ko martxoaren 26an hartu zuten bertatik kentzeko erabakia, alderdi guztien onespenarekin.