Esan bezala, 1977. urtean Amurrioko Eskaut taldeko sortzailea izan zen Felix Murga omenduko dute eta herriko taldeari babesa emango zaie, landa-guneko talde bakarra baita Aiaraldeakoa.
Jaia ospatzeko espazioak Reforren, San Anton elizaren inguruan, Juan Urrutia plazan eta parkean egokitu dituzte. Reforren, esaterako, haurrentzako jolasak egongo dira; eta elizaren inguruan naturarekin zerikusia duten tailerrak.
San Anton plazan begirale zaharrak eta gurasoak elkartuko dira eta haiek antolatutako ekintzak egingo dituzte. Hainbat elkartek euren lana ezagutzera emango dute Juan Urrutia plazan, eta parkean dantza, txalaparta eta herri-kirolen tailerrak eskainiko dira. Santa Maria eliza inguruan ere tailerrak egingo dituzte goizean.
Eguerdiko ordu batean meza egingo da parkean, bazkariari hasiera emateko. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera erromeria egongo da eta mago baten ikuskizunaz gozatzeko aukera ere izango dute gazteek.
Antolatzaileek jakinarazi dute eguraldi txarra egingo balu, Lucas Rey, Zabaleko eta Matias Landaburu kiroldegietan egingo direla ekintzak.
3.000 lagun inguru
Eskaut Euskal Federazioa osatzen duten talde guztiek ospatzen dute festa bi urtean behin. Antolakuntzak 3.000 pertsona inguru bertaratzea espero du aurtengo edizioan.