Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak enplegu erregulazio espedientearen dokumentazioa eman die langileen ordezkariei. Dokumentazioaren nondik norakoak modu sakonean aztertzeko denborarik izan ez badute ere, sindikatuek jakinarazi dute espedienteak 776 langileri eragingo diela.
Espedientetik kanpo geratu dira zuzendaritza, arloko arduradunak, komertzialak, zerbitzu medikua eta zaintzaileak.
99 eguneko espedientea, ia urteko lanaldiaren herena
Hamabi hilabeteko iraupena izango du espedienteak eta beharginek 99 egunez ez dute lanik egingo, lanaldiaren heren bat, gutxi gorabehera. Hortaz, 204 egunekoa izango da lan jarduera.
Langileen ordezkariak eta zuzendaritza datorren astelehenean, apirilaren 4an, elkartuko dira. Momentuz, ez dago akordiorik eta baldintzak alda daitezke. Horrez gain, esan bezala, sindikatuek ondo aztertu behar dute dokumentazioa.