Gogoeta kolektibo baten fruitua da Jalgi, ekimenaren sustatzaileetako bat den Gotzon Barandiaranen esanetan. “Hainbat urtez egon gara gogoeta hori mamitzen, harik eta iaz ekimen hau martxan jartzea erabaki genuen arte”. Durangoko Azokako Ahotsenea, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea, Euskaltzaleen Topagunea eta Airaldea Komunikazio Leihoa taldeek sustatu dute egitasmoa.
Euskal kulturgintzari buruzko gogoeta horretan hiru gabezia nabarmen azpimarratu dira, Barandiaranen esanetan: “Plaza eta ikusgarritasun falta eta belaunaldien arteko transmisiorako berme eza”. Gabezia horiei aurre egiteko modurik eraginkorrena “auzolana” dela ondorioztatu zuten, “euskal kulturaren ekosistema osatzen dugun talde guztien arteko elkarlana”.
Lehen edizioa, Aiaraldean
Aiaraldean maiatzean egingo dena, baina, Jalgiren lehen edizioa baino ez da izango. Datozen urteetan ekimenarekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi dute. “Urte bakoitzean Euskal Herriko eskualde batean egitea da asmoa”, Barandiaranen esanetan. “Iruditzen zitzaigun Aiaraldean azken urteetan euskal kulturaren transmisiorako sekulako ahalegina egin dela eta badagoela horretarako beharra”. Horregatik erabaki dute lehen edizioa eskualdean egitea. “Gainera, hasieratik ikusi genuen horretarako prestutasuna, erantzuna oso ona izan zen proposamena luzatu genuenean”.
65 kultur jarduera
Guztira 65 kultur jarduera egingo dira maiatzeko azken astean. Kultur adierazpide askotariko ekintzak egongo dira: musika, antzerkia, arte plastikoak, magia, literatura, bertsolaritza... “Baina ez dira izango ohiko ‘sortzaile-ikusle’ eredua mantenduko duten ekintzak”, azpimarratu du Jalgiren koordinatzaile Maria Riverok, “euskal kulturaren komunikazio eta transmisioari begira eginiko ekitaldiak izango dira”. Eskualdeko sortzaileek ere hartuko dute parte egitarauan. “Egiten diren gogoetak eurekin konpartitzea da asmoa”, Riveroren hitzetan, ekimenak eskualdean “arrastoa” utzi dezan.
“Jalgi pasata euskal kulturgintza beste modu batean egiteko baliabideak eskaintzea da asmoa”, azaldu du Barandiaranek. Besteak beste, 22 hizlarik hartuko dute parte egun horietan antolatuko dituzten jardunaldietan, euskal kulturaren komunikazioaz eta transmisioaz hausnartzeko xedearekin. Apirilean emango dute egingo diren ekintza guztien berri.