Atzo eguerdian jakinarazi zion Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak langile batzordeari enplegua erregulatzeko espedientea abiatzeko asmoa daukala.
Zuzendaritzak deialdia egin die sindikatuei negoziaziorako mahaia osatu dezaten kontsulta epea hasi baino lehen. Astebete gehienez izango dute langile ordezkariek mahaia osatzeko, martxoaren 22ra arte. Hilaren 29an entregatuko die enpresak espedientearen nondik norakoak azaltzen dituen dokumentazioa.
Iturri sindikalek adierazi dute ez daukatela informazio gehiago eta hurrengo astean espero dutela jakitea zeintzuk diren zuzendaritzaren helburuak.
Duela aste batzuk enplegua erregulatzeko espedientea gauzatu zuen Tubos Reunidos enpresak Trapagako lantegian eta lanaldia % 50ean murriztu zuten. Esan bezala, momentuz, enpresak ez du azaldu zeintzuk diren ezarri nahi dituen baldintzak.