Jardunaldietan, Europa osoko 24 ikasle antolakundeetako ordezkariak elkartu dira, besteak beste, Suitza, Suedia, Italia, Kurdistan, Erresuma Batua, Espainia edo Katalunia bezalako herrialdeetatik elkartu dira.
Ikasle Abertzaleak taldeko Julen de Luzek topaketa egiteko asmoa nola sortu zen azaldu du: "Boloniaren aplikazio prozesua gertatu eta gero, ikusita ikasle mugimenduaren beherakada eman zela eta ikasle mugimendu ezberdinak Europako markoan deskoordinatu egin zirela, mugimendu ezberdinak batu behar zirela proposatu genuen". Hortaz, nabarmendu du Bolonia onartu zenetik Europako ikasle antolakundeak batu diren lehen aldia izan dela.
Askotariko ekintzak egon dira topaketak iraun duen bitartean, hala nola, Italiako eta Suediako ikasleek euren borroken berri eman dute, ikasle kurduen hitzaldiak egon dira, antolakundeetako kideen mahai-inguruak eta baita aisialdiarekin lotutako ekimenak ere.
Baina, Laudioko topaketaren lanik handiena barne mailakoa izan da. Hain zuzen ere, elkar ezagutu eta aurrera begira, Europako ikasle mugimenduen oinarri komuna garatzen hastea zen helburua. Azken horren harira, honakoa aipatu du de Luzek: "Asmoa da Europa mailako ikasle mugimendu sendoa koordinatzen hastea, Europatik datozen erreformei eta eraso ezberdinei aurre egin ahal izateko".
Ikasle mugimenduen mapa
Ikasle Abertzaleak taldeko ordezkariek azpimarratu dute oraindik "diskurtso sakonik" zehaztu ez badute ere, dagoeneko "oinarriak" jarri dituztela etorkizunera begira. Foroan atera dituzten ondorioetako batzuk publikoki plazaratu dituzte eta, besteak beste, Europako ikasleen mugimendua egituratu gabe dagoela eta mapa osatu beharra dagoela ondorioztatu dute Laudion bildutako ikasleek.
Bigarren topaketarako hitzordua ere egin dute. Antolakunde bakoitzeko delegazioek urrian Madrilen elkar ikusiko dute berriro.