Ikerlarien lan baldintzen hobekuntzaren alde, doktoregoko matrikularen doakotasunaren aldeko borroka bat martxan jarri eta mobilizazioak deitu ditu UIBk abenduaren 20an Euskal Herriko campusetan.
Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) Euskal Herriko Unibertsitate (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) antolatzen den eragile bat da, unibertsitateko langile klaseko sektoreen (garbitzaile, ikerlari, ikasle, irakasle...) lan baldintzen aldeko jarduna burutzeko. Aurtengo ikasturtean, UIBtik ikerketaren lan lerroa zabaldu dugu, ikerketaren izaera unibertsalaren eta ikerlarien lan baldintzen alde antolatzeko.
"Ikusgarria da unibertsitatea eta jardun intelektuala pribatizatzeko joera areagotu dela"
Batetik, ikusgarria da unibertsitatea eta jardun intelektuala pribatizatzeko joera areagotu dela. Unibertsitateko aurrekontuek erakusten duten bezala, inbertsio pribatu zuzenak milioietan handitu dira 2019az geroztik. Geroz eta enpresa gehiago dira unibertsitate publikoarekin akordioak dituztenak. Enpresa horien artean kokatzen dira industria armamentistikoan parte hartzen duten ITP eta Sener enpresak. Bi enpresa horiek Bizkaiko Aeronautika Klusterraren parte dira, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera San Mames fakultateko aeronautikako masterra finantzatzen dute. ITP Saudi Arabiako ejerzitoaren ehizarako piezak ekoizten dituen enpresa bat da. Honekin batera, La Caixak ere kontratuak eta finantzaketa eskaintzen ditu, horretarako milioika euroko inbertsioa eginda. Bi adibide horiek argi eta garbi uzten dute produkzio zientifikoa ez dagoela inondik inora ere gizartearen interes unibertsalera bideratuta. Aitzitik, enpresa horien inbertsioari esker, ikerketak zuzen-zuzenean enpresen beharrak asetzen ditu.
Bestetik, lan lerroaren helburua ikerlarien lan baldintzen alde antolatzea da. Ikerkelariek egunerokotasunean hainbat gehiegikeria pairatzen dituzte. Horren adibide dira soldata baxuak, baja hartzeko trabak, baja hartu ahal izateko denbora maximoa gaindituz gero beka bertan behera geratzeko arriskua, ikerketa prozesuko hainbat gastu beraiek asumitu behar izatea, dozentzia klaseak ez kobratzea eta beste hainbeste arazo ere. Argi geratzen da gizartearentzat beharrezkoa den ikerlarien sektorea unibertsitatearen baitan sektore prekarizatuenen artean kokatzen dela.
"Gizartearentzat beharrezkoa den ikerlarien sektorea unibertsitatearen baitan sektore prekarizatuenen artean kokatzen da"
Soldatari dagokionean, ikerlariek ez dute inongo momentuan beraiei dagokien soldata osoa jasotzen. Hots, lehenego eta bigarren urtean soldataren %56 kobratzen dute, hirugarrenean %60 eta laugarrenean %75. Unibertsitateko sektore pribilegiatuenen artean kokatzen den irakasle oso batek ikerlarien soldataren hirukoitza kobratzen du, gutxi gorabehera (2,75 gehiago).
Soldata honi ikasturtez ikasturte ikerlariek ordaindu behar izaten dituzten tasen prezioa ere kendu behar zaio: ikerketa prozesuan ikasturte bakoitzean doktoregaiaren formakuntza eta jarraipena, doktorego programaren tutoretza matrikula, matrikulazioaren gastu finkoak eta eskola asegurua ordaindu behar izaten dituzte ikerlariek; hau da, guztira 273,17 euro ordaintzera behartuta daude lan egiteko.
Gainera, lehenengo urtean beste gastu batzuk ere gehitu behar zaizkio aurrekoari; adibidez, espediente irekiera, eta denera 300 eurotik gora ordaindu behar izaten dute. Ikerketa prozesuaren amaieran, berriz, 700 euro ingurukoa izaten da ordaindu beharrekoa.
"Doktoregoko matrikularen doakotasunaren aldeko borroka jarri dugu martxan"
Aspektu ekonomikoa ikerlarien egunerokotasunean oso presente dagoen auzia da, eta beraz, UIBtik doktoregoko matrikularen doakotasunaren aldeko borroka jarri dugu martxan. Horren baitan, doktoregoaren prestakuntza eta jarraipena, tutoretza matrikula doktorego programetan, matrikularen gastu finko eta eskola aseguruaren tasen doakotasunaren alde antolatuko gara.
Ikerlarien lan baldintzen alde antolatzea ezinbestekoa da. Izan ere, gizartearen garapenerako funtzio garrantzitsua jokatzen duen sektorea dela argi badago ere, ikusgarria da unibertsitateko sektoreen artean lan baldintza okerrenak dituztenak direla ikerlariak. Horretarako EHUko campusetan mobilizazioak deitu ditugu abenduaren 20rako.
- Gasteiz: 11:30 Elurretatik
- Ibaeta: 11:00 Aulariopetik
- Leioa: 13:00 Mikel Laboatik
- Bilbo: 14:00 San Mamesen
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.