DJ mahaiaren atzean, Isabel de Arza gasteiztarrak beste rol bat hartzen du eta Bihotza bihurtzen da; Bihotza, bere lana definitzen ez duen generorik gabeko izen gisa. Berarentzat pista generorik gabeko esparrua da, non mundu guztia aske senti daitekeen eta zu zeu izan zaitezkeen.
Lanbidez barne-diseinatzailea, pixkanaka musika elektronikoaren munduan sartu zen, ikasiz eta prozesuaz gozatuz. Saio bakoitza praktika berri bat zen berarentzat, soinu berriak aurkitzea eta belarria heziz orain erraztasunez aurkitzen dituen soinuetara.
Musikazalea, oso giro musikaletan ibili izan da beti, kontzertu, jaialdi eta saio askotara joan izan da. Musika asko entzuten du; jazz zein amerikar musika, folk, post rock edo post punk, besteak beste. Hala islatzen du bere saioetan, non trap edo hip hop bezalako soinu hiritarragoetatik hasita, agian elektronikoak ez diren baina elektronikaren diskurtsoan sartzen diren folk soinuak ere aurki ditzakegun.
Isabelek gizartea eta kultura eraldatzeko tresna bat aurkitzen du elektronikan, estereotipoak hausten dituena eta elektronika kulturaren sortzaile gisa ulertzen duena. Etiketak gustuko ez dituen arren, "elektronika soziala" deritzonarekin bat egiten du. Izan ere, horren bidez bere diskurtsoa adieraz dezake, eta bere saioetara joaten direnek euren buruarekin eta ingurukoekin konektatu dezaten esparru aproposa sortzea ahalbidetzen dio. Bihotzak helduek, gazteek zein haurrek une, musika eta esperientzia jakin batzuk partekatu ahal izateko guneak sortzeari ekiten dio.
Bideo hau Go Gasteiz Kultura atariak argitaratu du, eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.