Natalia Albeniz

"Artearen eta publikoaren arteko harremanak zerikusi handia du hezkuntzarekin"

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2022ko eka. 6a, 06:00

Natalia Albeniz, artista bisuala eta hezitzailea. / Argazkia: ENDIKA PORTILLO

Natalia Albeniz artista bisualak hezitzaile gisa lan egiten du gaur egun Artiumen, eta Gasteizko gizarte etxeetan ikastaroak eta Urkide ikastetxean plastikako tailer bat ematen ditu.

Marrazkiak Natalia Albeniz gasteiztarrari lagundu dio bizitza osoan. Pinturarekiko eta ilustrazioarekiko zuen grinak Leioan Arte Ederrak ikastera eraman zuen, eskola garaian ia garatu ezin izan zuen interesa: "Irakasle batek marrazketa interesatzen zitzaidala ikusi zuen eta alde artistikotik eramaten saiatu, baina eskolan ez dago aukera handirik, marrazketa teknikoa bakarrik ikusten baita erabilgarri".

Ikasketak jarraitu zituen Arte Sorkuntza eta Ikerkuntza masterra eginez, eta Txaro Arrazolaren tutoretzapean Arte garaikidea eta publikoa banatzen dituen distantzia proiektu teorikoa aurkeztu zuen. "Lan honi esker konturatu nintzen artearen eta publikoaren arteko harremanak zerikusi handia duela jasotzen dugun hezkuntzarekin. Artea nola irakasten diguten edo hau gustatzen zaigun pertsonei zer ideia barneratzen zaizkigun galdetzen hasi nintzen nire buruari. Orduan, Hezkuntza Artistikoan espezializatutako irakasle masterra egitea erabaki nuen, gauzak barrutik aldatzen saiatzeko", azaldu du.

Natalia Albeniz / Argazkia: Endika Portillo

Gaur egun hezitzaile gisa lan egiten du Artium Museoan, tailerrak eta bisita gidatuak eginez. Urkideko DBHko 3. mailako dibertsifikazio-klaseko ikasleei ere plastika tailerra ematen die, eta ikastaroak eskaintzen ditu Gasteizko gizarte etxeetan, haurrei zein helduei. "Bizimodua ateratzeko lan bat badago, baina baita egiten duzunak garrantzia duela eta beste pertsona batzuengan eragin positiboa izan dezakeela aldarrikatzen duena ere".

Nataliaren ustez, galderak egitea da aldaketa bat sortzeko lehen urratsa: "Praktika artistikoaren bidez edo beste pertsona batzuen lanak balioetsiz, agian egunerokoan egingo ez zenituzkeen galdera batzuk egiten dizkiozu zeure buruari". Azaldu duenez, museoan birziklatzea edo moda bezalako gaiak proposatzen ditu, janzteko moduari buruzko galderak egiten ditu, eta zergatik egiten dugun horrela galdetzen du. "Ikasleek ez dituzte galdera horiek planteatzen. Horrek pentsarazten die, eta hausnartzen hasten dira", dio.

Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago