"Ezin dugu artistak hobby gisa lan egiten duela pentsatu"

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2021ko aza. 19a, 15:44

Ane Agirre eta Iker Fidalgo gasteiztarrek Tabakalerako Sortzaileen Gunean egiten dute lan, eta bertan artista garaikideek, kultur eragileek eta sortzaileek aholkularitza edo baliabide tekniko edo espazialen bila jo dezakete proiektu artistiko bat garatzeko.

Duela bost urte jarri zuen abian Tabakalerak bere Sortzaileen Gunea, eta handik babesten dira praktika artistikoak formatu eta fase guztietan, artistek, sortzaileek eta kultura-eragileek sorkuntza artistikoaren, pentsamenduaren, kudeaketaren eta proiektu artistikoen ekoizpenaren arloan egiten duten lana profesionalizatzeko.

Arlo honen bitartez, Tabakalerak sorkuntza artistikorako baliabideak eskaintzen ditu, hala nola, espazioak lagatzea, audio eta bideoak editatzeko kabinak, argazki laborategi bat edo gorputz osoko plato bat. Nazioarteko egoitza-programa bat ere badu, tokiko eta ez-tokiko artisten artean sareak sortzeko. Ekoizpen artistikorako egoitzez gain, komisariotza eta bitartekaritza eta ikerketarako egoitzak ere badira. Sortzaileen Guneak administrazio-gaiei, bekei eta kanpo-deialdiei buruzko informazioa eta aholkularitza ere ematen du.

Ane Agirre praktika artistikoen arduradunarekin eta Iker Fidalgo Sortzaileen Guneko koordinatzailearekin hitz egin dugu espazio horretaz eta azken bost urteetan izan duen bilakaeraz.

Tabakalerako Sortzaileen Gunea 2016an sortu zen, praktika artistikoak bultzatzeko helburuarekin. Zer programa, deialdi edo baliabidetan islatzen da hori eta nola eboluzionatu du espazioak ordutik?

Fisikoki ez du bilakaera handirik izan, baina bai zerbitzuen eta baliabideen mailan. Proiektua finkatu egin da, eta nazioartekotze-programek eta espazioen lagapenak pisu handia hartu dute. Hasiera batean jenderik ez zegoen, baina gaur egun artistak etengabe sartzen eta ateratzen ari dira. Espazioak lagatzeko deialdia tokiko artisten esku dagoen arren, pixkanaka Euskal Autonomia Erkidego osoaren eskaerak iristen ari dira. Tabakalera erreferente bihurtu da dagoeneko.

Artista bat Tabakalerako Sortzaileen Gunean lanean./Endika Portillo

Zein dira artisten artean ohikoenak diren beharrak? Eskaintzen dituzuen baliabide guztietatik, zein da gehien eskatzen dena?

Espazio honetara joaten diren pertsona gehienak arte garaikideko artistak dira, batez ere arte plastiko edo bisualetakoak, nahiz eta gero eta jende gehiago etorri arte bizietatik edo performance-etatik. Horregatik, eskaera nagusia estudioak dira; hainbat neurritako estudioak ditugu, baliabide material askotarako sarbidea dutenak. Espazioaren eta ikus-entzunezko materialaren arteko binomioari esker, zerbitzu horrek balio handia du gaur egun. 
Horrez gain, gorputz osoko plato bat dugu, jende asko erakartzen duena eta pisu handia hartu duena. Izan ere, eskaerak pilatzen zaizkigu.

Egiten al diezue jarraipenik bere  prozesuaren zati batean lagundu diezuen artistei? Zuen prozesuak nolabait integratzen al dira publikoari irekitako programazioan?

Bai, urtean bi Open Studio egiten ditugu, bata otsailean eta bestea azaroan, Tabakalerako programazioan integratuta daudenak. Aukera ona dira herritarrek zuzenean ezagutu ditzaten artistak Sortzaileen Gunean garatzen ari diren proiektuak. Aurten ere lehen aldiz erakusketa bat egin dugu azken bost urteetako egoiliar askoren lanekin. Gainera, artistek beren proiektuak jendaurrean aurkeztu nahi badituzte, horretarako erraztasun guztiak eskaintzen zaizkie.

Artista bat Tabakalerako Sortzaileen Gunean lanean./Endika Portillo

Edozein artistak erabil al dezake laguntza hori, datorren lekutik datorrela? Urteko zein une dira funtsezkoak sortzaileen espazioaren laguntza eskatzeko orduan?

Nazioarteko egoitzak mundu guztiarentzat zabalik daude, ez dago adin-mugarik eta urtean bi deialdi egiten dira, bata maiatzean eta bestea urrian. Bestalde, espazioak eta baliabideak lagatzeko, deialdi jarraitua egin ahal izango da urte osoan zehar. Egia esan, bertako artistek erraztasun handiagoa dute Tabakaleratik hurbil daudelako, baina edozein jatorritako pertsonei irekita gaude eta Donostiatik kanpoko gero eta pertsona gehiagoren proposamenak jasotzen ditugu. Hori bai, praktikak beti izan behar du garaikidea, eta etortzen diren artistek proiektu bat izan behar dute.

Elkarrizketa osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago