Lagunartean zinemaz gozatzea eta zinemaz hitz egitea. Premisa horren pean sortu zen duela bost urte Gasteizko Zinema Foruma, hilabete batez luzatuko zen ekimena, baina dagoeneko seigarren denboraldia aurreikusten ari da. "Zinema maite zuen lagun talde baten bat-bateko ideia izan zen. Film onak eskaini nahi genituen poltsiko guztien eskura, eta zinema taldean ikusteko ideia iraultzaile hura berreskuratu eta horren inguruan hitz egin", azaldu du Mamen Peso antolatzaileetako batek.
Horren haundia izan zen lehen deialdi haren arrakasta, Gasteizko Zinema Foruma bere lekua egin zuela. Asteartero Florida zinema-aretoetan mota guztietako filmak proiektatzen dira. Woody Allenen ‘Delituak eta faltak’, Percy Adlonen ‘Bagdad Café’, Stanley Kubricken ‘Senderos de Gloria’, Sofia Coppolaren ‘Lost in traslation’, Robert Bentonen ‘Kramer contra Kramer’, edo Monty Pythonen ‘La vida de Brian’.
Sareak ehuntzen
Hilabete bakoitzaren hasieran, antolatzaileek erabakiko dute zein film proiektatuko diren datozen asteetan. “Zinematografikoki interesgarriak iruditzen zaizkigun filma guztien zerrenda egiten dugu. Sare sozialen bidez ere iradokizunak jasotzen ditugu eta programatzerakoan aktualitatearekin bat egiten saiatzen gara “, esan du Mamenek. Horrela, martxoan proiektatutako film guztiak emakumeek zuzendu zituzten, Emakumearen Nazioarteko Eguna zela eta: “Asociación Derecho a Morir, Komedialdia, Magialdia edo Asociación Africanista elkarteekin ere elkarlanean aritu gara. Oso garrantzitsua da kultur eragileen artean koordinatzea, sareak ehuntzeko eta hiriaren alde zerbait komuna egiteko“.