Feminista, jasangarria, sortzailea, gizatiarra, erreala eta tokikoa. Sei balio horietan ditu errotuak bere sustraiak Akelarrek, Laura Quintana gasteiztarrak pandemia betean sortu eta merkaturatu zuen arropa markak, eta bigarren bilduma martxan duena jada.
Zortzi urtez Madrilen publizista gisa bizi eta lan egin ondoren, Laurak Irlandarako bidea hartu eta bere bizitza erabat aldatzea erabaki zuen. Baina hegazkinera igo baino egun batzuk lehenago, alarma egoera ezarri zuten eta Gasteizko gurasoen etxean geratu behar izan zuen.
"Akelarreren ideia aspaldidanik neukan buruan. Diseinua eta ilustrazioa oso gustuko ditut, beraz, konfinamendua aprobetxatu nuen tajua emateko", esan du. "Argi neukan arropa jasangarria izango zela. Ekoizpena eskariaren araberakoa izatea erabaki nuen, eta horregatik ez nuen inbertsio handirik egin behar izan hasteko, lasaitasuna eman zidan horrek". 2020ko abenduan, Lauraren lehen bilduma plazaratu zen.
Feminista eta tokikoa
Akelarreren ekoizpena guztiz lokala da. Hornitzailea Gasteizkoa da, eta arropak inprimatzeko tailerra ere bai. Laura bera arduratzen da arroparen diseinuaz, baita webguneaz eta sare sozialez ere. "Tokikoa izatea oso garrantzitsua iruditzen zait. Hemen ekoizten ez duten marka handiekin lan egiteko joera dugu beti, eta ez dakigu zer prozesu daramaten", azaldu du. Izan ere, bere kamisetak %100 organikoa den kotoizko jantziak dira eta tote bag-ak ekologikoak dira.
Markaren beste balio nabarmenetako bat feminismoa da. "Margotzeko eta diseinatzeko orduan, nire inspirazioa emakumeak dira eta nire diseinuen ardatz nagusia irudi femeninoa da", adierazi du Laurak. Bere lehen bildumarako, sei emakume greziarren bustoa erabili zuen, eta bere keinu serio, triste eta apatikoak, garai hartan espero zenaren guztiz kontrakoak ziren espresio trangresoreengatik aldatu zituen.
Laurarentzat, bere diseinuak adierazpide pertsonal bat dira: "Zerbait kontatzea gustatzen zait, eta diseinu horiek daramana identifikatuta sentitzea beraiekin, eta ematen ari den mezua gustatzea". Gainera, marka handiek adierazpen artistikoaren izaera hori "masan ekoiztea ardatz duten unean" galtzen dutela adierazi du.
Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakur dezakezue.