Sonora estudioak

"Arabako zinemaren arrakasta ez da ustekabekoa; gauzak oso ondo egiten ari gara"

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2021ko mai. 24a, 09:26

Martin Guridi, Sonorako estudioetan. / ENDIKA PORTILLO

Sonora Estudios enpresak 25 urte daramatza ikus-entzunezkoen ekoizpenean, ekoizle independente gisa eta entretenimendu zein kultura industrietarako zerbitzu enpresa gisa.

Zalantzarik gabe, 2020a urte bikaina izan da Arabako zinemarentzat. Ane eta Baby film luzeek Goya eta Feroz sarietan arrakasta izan dute, eta El Hoyo filma Netflix plataformaren ikusiena izan da Estatu Batuetan eta Espainian. Errekonozimendu horietako bakoitzaren zatitxo bat Sonora Estudiosera joan da. Proiektu hori Zumakera pasealekuan dago, eta bertan hiru film handi horien soinua gauzatu da.

Martin Guridi, Pako Ruiz eta Alvaro Herrero daude Sonora Estudios proiektuaren atzean. "Grabazio musikalekin hasi ginen, eta zinema eta telebistaren industriarako soinu-postprodukzioan ere lan egin genuen. Gogoan dut egin genuen lehen lana: Miriam Ballesterosen Memé y el Señor Bobo telesailerako izan zen", dio.

Martin Guridi, Alvaro Herrero eta Pako Ruiz. / Argazkia: Endika Portillo

 

Denborarekin eta sektorean bertan izandako esperientziarekin, estudioa zabaldu zuten eta ikus-entzunezko edukien sorkuntzan eta irudiaren postprodukzioan sartu ziren. "Hasieran zerbitzu enpresa bat ginen eta iristen zitzaizkigun proiektuetan lan egiten genuen. Gero, besteekin ekoiztera animatu ginen, eta horrek gure proiektuak, dokumentalak eta film laburrak sortzera eraman gintuen". Une horretan, Sonora Estudios ekoiztetxe bihurtu zen.

Ekoizpen propioak

Vitoria, 3 de Marzo, Plan de Fuga, El doble más quince eta Rey gitano filmak ekoitzi dituzte. "Proiektu bat iristen zaigunean edo geure proiektua sortzen dugunean, zailena eta prozesurik luzeena finantzaketa bilatzea da. Hainbat erakunde publiko eta pribatutan edo telebistatan aurkeztu behar da. Azkenean pelikula bat grabatzea bost aste dira, baina bizpahiru urte eman ditzakezu finantzaketa bila", azaldu du Pakok.

Proiektu bereziena Vitoria, 3 de Marzo filma izan da. Victor Cabacoren filma 2019ko maiatzaren 1ean estreinatu zen 60 zinema areto baino gehiagotan. Lehen astean, zazpigarren postua lortu zuen gehien ikusitako filmen artean, eta Gasteizen hiru hilabete baino gehiago eman zituen zinema aretoetan."Asko kostatu zitzaigun aurrera ateratzea. Hirirako asko sinbolizatzen du eta gasteiztarrek asko eskertu digute. Oso ondo funtzionatu zuen takilan. Zalantzarik gabe, poz gehien eman digun filma da".

Arabako ekoiztetxeak azken hilabeteetan egiten ari diren "lan ona" azpimarratu du Pakok. Amania Filmsen Ane filmak hiru Goya sari irabazi zituen, eta Juanma Bajo Ulloaren Baby filmak Sitgeseko jaialdian jatorrizko soinu banda onena eta Feroz Sarietan musika onena irabazi zituen. Sonora Estudios taldeak bien soinuaren postprodukzioan eta soinu-bandaren grabazioan lan egin du: "Zinema talde lana da, beraz, film batek sari bat jasotzen duenean guri ere zerbait tokatzen zaigula sentitzen dugu", dio.

Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago