Ataria naturaren atea da. Ingurumen-ekipamendu honen helburua da Salburuko hezeguneak ezagutzen lagundu eta hezegune horien balioa erakutsi, bai eta biodibertsitatearen eta natura ondarearen garrantzia ezagutzera eman ere. Gasteizko Eraztun Berdearen txoko berezienetako bat da.
Publikoari irekitako gunea da eta izaera anitzeko 400 jarduera inguru hartzen ditu urtero: biodibertsitatearen inguruko aisialdia, entretenimendua, interpretazioa, dibulgazioa, komunikazioa eta ikerketa, besteak beste. Ekintza horien %50 kulturara jotzen duten jarduerak dira, pertsona gehiagorengana iristeko eta, horrela, Gasteizko herritarren artean ingurumen-ezagutza sustatzeko.
Go Gasteiz Kulturak Gorka Belamendia Salburuko Interpretazio Zentroko koordinatzailearekin hitz egin du, kulturaz hitz egiteko; hain zuzen, honek bitartekaritzarako eta ezagutza zabaltzeko estrategia modura duen balioaz.
Atariara etorri gara, ingurumenarekin lotutako proiektua den arren, eduki eta formatu kulturaletatik gertu zaudetelako, kasu honetan, dibulgazio estrategia gisa. Zergatik jotzen duzue kulturara, artera? Zer ematen dizuete hauek?
Herritarrak jasangarritasunaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntzaren eremura gertura ditzakegu. Ingurumena eta kultura lotzen ditugunean, naturara soilik hurbiltzen direnak baino pertsona gehiagorengana iristea lortzen dugu. Gainera, natura guztia dela uste dugu, modu ekologikoan eta naturalean landu daitekeela edozein sektore ekonomikotan.
Zer motatako proposamenak programatzen dituzue Atarian?
Gure jardueren agenda bost eremu handitan banatzen da. Lehenengoa da erakusketena: Ataria erakusketa aretoa izan dadin saiatzen gara, naturaren inguruan zerbait erakutsi nahi duen edonork egin ahal dezan; ikusgarritasuna ematen diogu beraz. Bigarrena hitzaldiak dira: zientzia maila praktiko batera jaisten saiatzen gara, edonork ulertzeko modura, eta hitzaldiak egiten ditugu, bai lagunarteko esparruan, baina baita arlo teknikoan ere.
Hirugarren jarduera ikastaroak izango lirateke: batzuk ikertzaileei zuzenduta daude eta beste batzuk publiko orokorrari, haien ezagutzak handitzeko eta ingurumen ekintzetan parte hartzeko aukera izan dezaten, gure herritarren zientzia sarearen bitartez. Laugarren esparrua publiko orokorrari zuzendutako ibilbide naturalak izango lirateke, familiakoak zein belaunaldien artekoak.
Eta, azkenik, familia jarduerak egongo lirateke. Hemen, aktoreak inplikatzen saiatzen gara, antzezlanak, rapsodiak, kontzertuak, liburuen aurkezpenak eta abar eskainiz. Horrela, hasiera batean ingurumenetik urrun daudela diruditen sektore batzuekin komunikazio kanalak irekitzea lortzen dugu.
Hamar urte bete ditu Atariak. Aurrerapausorik izan al da kulturarekiko hibridazio horretan?
Izugarri. Atarian lanean hasi ginenean konturatu ginen konbentzituak konbentzitzen ari ginela. Orduan hasi ginen ingurumen kultura publiko orokorrari hurbiltzeko estrategia bat aztertzen. Hasteko, artisten zertzelada batzuk txertatu genituen gure jarduera espektroan, eta ikusi genuen funtzionatzen zuela, eta horrek motibatu gintuen horrelako ekintzak ugaritzeko. Gaur egun, 400 jarduera programatzen ditugu urtean, eta horien %50 kultura ekintzak dira.
Zer ematen dizue artista horien begiradak? Eta zer ekarpen egiten die horiei Atariarekin lan egiteak?
Artea ingurugiroan txertatzen laguntzen digute. Paper askotan irakurtzen genuen zerbait zen, baina nekez lortzen genuen tartekatzea. Artistei etiketa berde hori duen ikusgarritasuna ematen die, eta beren curriculuma garatzen laguntzen die, espazio sinboliko eta berezi baten barruan.
Eta nola egiten duzue lan haiekin?
Pertsona askok gure atea jotzen dute beren piezetako bat eskaintzeko, ingurumenarekin guztiz lotuta dagoela ulertzen dutelako. Baina guk ere deitzen diegu zenbait artistari, obra jakin bat presta diezaguten edo haien piezetako bat antzeztera etor daitezen.
Elkarrizketa osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.