Irantzu Lekue

"Artisten artean sinergiak sortzeko espazio paregabea da ARTgia"

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2021ko ots. 15a, 10:44

Irantzu Lekue, ARTgia sorgune & aretoaren sortzailea. / GO GASTEIZ KULTURA

Irantzu Lekuek hiru urte daramatza ARTgia sorgune & aretoa zuzentzen; arte sorkuntzarako eta kultur kudeaketarako proiektua, plataforma bat, topaleku bat eta erakusketa bat, arte galeria bat.

Artgia sorgune & aretoa sormen eta erakusketa-gune bat da, etengabe eraikitzen ari dena, malgua, non dena gerta daitekeen. Duela hiru urte jaio zen Irantzu Lekue artista gasteiztarraren eskutik. Denbora horretan 40 erakusketa baino gehiago, hitzaldiak, mikro-antzerkiak, kontzertuak eta performanceak izan dira.

Zortzi urte ikasten eta Gasteiztik kanpo bizitzen eman ondoren, Irantzu etxera itzuli zen. "Hirian hutsune bat zegoela konturatu nintzen. Ez zegoen ia erakusketetarako tokirik", azaldu du. "Tailer bat egitea pentsatu nuen, baina azkenean artistek beren lanak erakusteko aukera izango zuten herritarrentzako espazio baten alde egin nuen".

ARTgiaren helburua sortzeko baldintzak erraztea da. Katalizatzailea izango den leku bat, non trukeak, elkarrizketak eta esperimentazioa sortuko diren, sormena oinarri hartuta eta sorkuntza garaikidea helburu izaki. Gainera, espazio feminista da; emakumeen autonomia eta ahalduntzea garatzen laguntzearen eta genero-kontzientzia hartzearen aldeko apustua egiten du, eta balioak aldatzea sustatzen du, rol eta estereotipo sexistak ezabatuz. Generoa zeharkako lerroa da bere ildo estrategiko guztietan.

Erakusketa ARTgia aretoan. / ARTgia

"Proiektuaren beste helburuetako bat artista berriei laguntzea da, hainbat deialdiren bidez. Euskara komunikazio hizkuntza gisa erabiltzearen aldeko apustua ere egiten dugu, eta berrikuntza arteari eta kulturari aplikatzen diegu eraldaketa sozialerako", azaldu du Lekuek. Horretarako, galerian bertan zein kanpoan lan egiten dute; instalazio artistikoak, performanceak eta happeningak egiten dituzte ekitaldi ezberdinetarako, mural partehartzaileak margotzen dituzte eta ekimen sortzaileak antolatzen dituzte. "Galerian saltzea ez da beti erraza. Lan horiek alderdi ekonomikoa orekatzen dute eta gure egitura mantentzen laguntzen digute", esan du.

ARTgiara belaunaldi ezberdinetako jendea joaten da. "Asko aldatzen da erakusketaren arabera. Adibidez, buztinaren erakusketa bada, buztinarekin lan egiten duten artistak etortzen dira, argazkilaritzakoa bada argazkizaleak, eta abar. Uste dut horrek proiektua aberasten duela, oso jende ezberdina hurbiltzen delako eta sinergiak sortzeko espazio paregabea delako", dio Irantzuk.

Irantzu Lekueren murala Iparralde Gizarte Etxean. / Endika Portillo

Hala ere, jendea, oro har, artetik oso urrun dagoela dio Lekuek: "Ulertzen da zer den figuratiboa, baina ez hainbeste abstraktua. Lan handia egin behar da zentzu horretan". ARTgiak bere ekarpena egin nahi du norabide horretan. Datorren ikasturterako, artista batek egindako proposamenari jarraituz, tailerrak eta hitzaldiak antolatuko dituzte, artea adin ezberdinetako pertsonei hurbiltzeko asmoz. "Gure helburua publiko heterogeneoarengana iristea da, kontzientzia kritikoa lantzea eta horrela zerbait aldatzen saiatzea", azaldu du.

Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago