"Liburutegi publikoa oinarrizko euskarria da ikasteko, erabakiak modu independentean hartzeko eta gizabanakoaren eta gizarte-taldeen aurrerapauso kulturalerako", liburutegi publikoen aldeko UNESCOren Manifestuaren hitzetan. Gasteizko Udal Liburutegien Sareak 35 urte daramatza informazioaren, ezagutzaren, irakurketaren eta pentsamenduaren eskuragarritasun askea sustatzen, eta, horrela, gizarteratzea eta kultur demokratizazioa bultzatzen ditu.
Sareak 23 liburutegi ditu gaur egun: hamar helduentzat, hamar familientzat eta integratutako hiru. 80ko hamarkadan sortu zen gizarte-etxeen proiektua, eta bertan txertatuko ziren udal-liburutegi guztiak, herritarrentzako hurbiltasun zerbitzu modura. "Horren aurretik auzoko liburutegiren bat bazegoen, baina gizarte-etxeek eman zioten liburutegi publikoari hiriko ikuspegi orokor bat", azaldu du Ana Saenzek, Eremuetako Kultur Jardueren Unitateko arduradunak.
Hasieran, zentro soziokulturalak ziren; gerora, gizarte-etxeak. Bere ateak ireki zituen lehena Sansomendikoa izan zen, 1985ean, eta, beraz, sareko lehen liburutegia hauxe izan zen. Ondoren, Arana, Abetxuko eta El Campillokoak inauguratu ziren. Irekitzen azkenak Salburua eta Zabalgana izan dira.
Funtsek 240.000 liburu, DVD, CD eta aldizkari dituzte dagoeneko, sareko 103.000 bazkidek goza ditzaketenak. "Karneten %15 haurrak dira, eta datu hori batez bestekoaren gainetik dago", azaldu du Anak. Izan ere, herritarrek gehien eskatzen duten zerbitzua horixe da. 2019an 335.000 mailegu izan ziren guztira. "Zerbitzu guztiz demokratikoa eta doakoa da, eta gasteiztar guztiek eskura dezakete, datu pertsonal gutxi batzuk emanez".
Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.