Orbain

«Saiatzen gara jendeak gaur egun Gasteizen gertatzen diren gauzak testuinguruan jar ditzan»

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2021ko urt. 21a, 20:00

Iker Zubia eta Asier Langaran, Orbain . / ENDIKA PORTILLO

Orbain Kultur Elkartea duela bost urte ari da Arabako hiriburuan punk rocka aztertzen, mantentzen eta zabaltzen.

Duela bost urte, kultura alternatiboa eta punk rocka maite zuten 20 lagunek bat egin zuten Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakian ateak ixtera zihoan espazioari jarraipena emateko. Lokal hau beti egon da punk kulturarekin oso lotuta; lehenengo MK izan zen, gero Kriselu; eta Kaxkabarrak pertsiana jaitsi zuenean, Orbain jaio zen, bere bosgarren urteurrena bete berri duena. Punk rockaren ikerketa, zaintza eta hedapenean lan egiteko eta sorkuntza alternatiboa bultzatzeko sortu zen elkartea.

Orbain proiektu asanbleario eta autogestionatua da, 80 bazkideren ekarpenekin finantzatzen dena. «Kultur elkarte baten alde egiten dugu, gure ardatz nagusia kultura delako. Gainera, gauzen inguruan gure ikuspegia eta ikuspuntua eman nahi genuen, eta horretarako garrantzitsua da inoren menpe ez egotea. Kudeaketa honek erabat independenteak izateko aukera ematen digu», azaldu du Iker Zubia Orbain Kultur Elkarteko kideak.

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Bildutako diru guztia lokala kudeatzeko eta kultura sustatzeko erabiltzen da. «Bazkideen laguntzarik gabe oso zaila izango litzateke proiektu hau aurrera ateratzea», adierazi du Asier Langaran, Orbaineko beste kide batek.

Gaur egun 80 bazkide dira, baina duela pare bat urte 120 izatera iritsi ziren. «Lokalak edukiera mugatua du, eta ez dugu nahi jendea jarduerez gozatu ezinik geratzea. Urtean behin, izandako bajen arabera, kupoa ireki eta jende berria sartzen da. Beti dugu itxarote-zerrenda», esan du. Hala ere, jarduera guztiak zabalik daude eta nahi duen edonork har dezake parte.

Iker Zubia eta Asier Langaran elkarrizketa bitartean. / ENDIKA PORTILLO

Bazkideen proposamenak

Bost urte hauetan Orbain sendotu egin da, eta erreferente bihurtu da mundu alternatiboaren barruan. 100 kontzertu baino gehiago, 20 erakusketa, punkaren edo LGTBIQ mugimenduaren inguruko zortzi hitzaldi eta jardunaldi programatu dira, baita diskoen, liburuen eta dokumentu-erakusketen aurkezpenak ere, proiektua sortu zeneko filosofiari leial.

Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago