Area Audiovisual

Zinema eta historiaz blai 10 urtez

Erabiltzailearen aurpegia Go Gasteiz Kultura 2021ko urt. 7a, 09:01

Aitor Gonzalez de Langarica eta Nerea Garcia, Area Audiovisual ekoiztetxeko kideak. / GO GASTEIZ

Area Audiovisual ekoiztetxe arabarreko Aitor Gonzalez de Langaricak eta Nerea Garciak ikus-entzunezkoetan hamarkada bat beteko dute, eta laster kaleratuko dituzten hiru proiektuekin ospatuko dute.

Hamar urte igaro dira Area Audiovisual ekoiztetxe gasteiztarrak zinemaren munduan lehen urratsak eman zituenetik. 2010eko urriaren 25ean, krisialdian, Aitor Gonzalez de Langaricak bere enpresa sortzea erabaki zuen hiru lagunekin batera. Hainbat zinema generotako proiektuak egiten hasi ziren, baina denborarekin dokumentalean espezializatu ziren.

Gaur egun, Area Audiovisual Aitor Gonzalez de Langaricak eta Nerea Garciak osatzen dute. Aitor errealizazioaz, ekoizpenaz eta ikerketa historikoaz arduratzen da, eta Nerea produkzioaz. "Enpresa bat sortzea erraza da, zaila dena da zu ezagutzea, kontratatzea eta hortik bizitzea", dio Nereak.

Dokumentalaren generoa da gehien gustatzen zaiena. "Zinema egitea oso garestia da, eta gurea bezalako ekoiztetxe txiki batentzat dokumentala da egokiena", defendatu du Gonzalez de Langaricak. Gainera, Aitor Historia eta Zineman lizentziaduna da, bi diziplina "elkartze perfektua" osatzen dutenak, Nereak diozkunez. Hala ere, horrelako proiektu bat 3 edo 4 urtez luza daiteke, eta, beraz, bideo korporatiboak ere egiten dituzte; "lan horiek dokumentalak egiten ditugun bitartean bizirauteko aukera ematen digute", dio Nereak.

Aitor Gonzalez de Langarica eta Nerea Garcia En busca de la ciudad perdida dokumentalaren grabaketan./ Rafa Gutierrez

Interes pertsonalak

Bi gasteiztarrek gidoilari, zuzendari, errealizadore, ekoizlearen lana egiten dituzte. "Orkesta gizon eta emakumea gara", esan du Aitorrek. "Gauza bera gertatzen da Gasteizko ekoiztetxe guztietan; izan ere, gutako askok ez dugu ekoizpena ikasi, baina azkenean denok egiten dugu lan hori". Izan ere, Area Audiovisualen beren gai, ideia eta interes pertsonalak bultzatzen dituzte, eta gero pantaila handira eramaten saiatzen dira.

La batalla de Vitoria bere lehen proiektuetako bat izan zen. "Dokumentala laguntzarik gabe abiatu genuen, dena gure poltsikotik ordainduta, asko arriskatu behar izan genuen", dio Nereak. Zailtasunak zailtasun, zinta hau Gasteizko zine aretoetan ikusi ahal izan zen. Izan ere, "Supermani hiru astez jarraian irabazi genion", diote harro. "Baina dirua telebista batek proiektua erosten dizunean irabazten da, ez txartelekin", azaldu du Nereak. Eta horrelaxe izan zen, EITBk dokumentalarekiko interesa agertu zuen eta erosi egin zuen. Honek beste errodajeei bidea ireki zien.

Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura webgunean irakurri dezakezue.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago