Duela sei urtetik hona, Montehermoso Jauregiak Oihaneder Euskararen Etxea hartzen du, Gasteizko kultur eragile eta euskaltzaleentzat erreferente bihurtu den proiektua. Euskarazko kultur sorkuntzari eta aisialdiari eskainitako topagunea da. Denbora horretan 600 jarduera inguru programatu dira, eta 10.000 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute urtero.
Oihaneder bost helburu argirekin sortu zen: Euskal komunitatea sendotzea, euskarazko sorkuntza bultzatzea, kultur erreferente izatea, euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntzaren azterketa bultzatzea. "Gure lehen helburua gasteiztarrek Montehermoson euskararen aldeko proiektu bat zegoela jakitea izan zen, kultur jarduerak biltzen zituen topagune bat. Sei urte hauetan helburu hori lortu dugu", esan du Iñaki Lazkano Oihanederreko euskara eta kultura teknikariak. “Hasieratik arrakasta handia izan du eta dagoeneko publiko fidela dugu”.
Publikoen ikerketa
Montehermoson jarduera ugari antolatzen dira urtean zehar: ikuskizunak, kontzertuak, tailerrak, antzezlanak edo bakarrizketak, bertso saioak, liburu aurkezpenak edo familia jolasak. Kultur arloan euskara sustatzeko lehiaketak, zozketak, bekak, izen-emateak edo diru-laguntzak ere bultzatzen dituzte.
Baina sei urte hauetan Oihanederrek eboluzionatu egin du, bere publikoaren behar eta gustuetara egokituz. “Ez gara 2015ean ginen bezalakoak, eta programazioa ez da berdina. Esperientzia handia gehitu dugu”, esan du Iker Durana proiektuaren administratzaile eta kudeatzaileak. Horretarako, publikoak ikertzeko lan bat egin dute, eta, horren bidez, Oihanederreko erabiltzaileek nolakoak diren eta zer gustu dituzten jakin ahal izan dute, beren beharretan oinarritutako jarduerak programatzeko.
Erreportaje osoa Go Gasteiz Kultura web gunean irakurri dezakezue.